20151203 115839

ETXERAT. Datorren ostegunean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, Zapi Kateak izeneko ekimen herritarra eramango du aurrera beste behin Etxeratek. Giza Eskubideen urraketen alorrean, zoritxarrez bada ere, euskal preso politikoen senide eta lagunok, asko baitaukagu oraindik ere esateko eta errebindikatzeko giza eskubideen urraketen alorrean. Gogorarazi behar dugu dispertsio politikak oraindik aktiboki jarraitzen duela: eskubideak urratzen eta sufrimendua sortzen. Beraz, argumentu eta ekimenen bidez, nahi bezainbeste, beharko genukeen bezainbeste, eta egiteko eskubidea dugun bezainbeste, gure senideak ikusten uzten ez digun gailur hori eraistera goazela aldarrikatu nahi dugu.

Euskal Herrira lekualdatuak izateko ezezkoaren aurrean, hainbat euskal preso politikok jarritako helegiteen atzera botatzearekin, Audientzia Nazionalak, estaldura legala eskaini dio familia bizitza eskubidea, asistentzia juridikoa izateko eskubidea, ikasteko eskubidea, eta baita osasun eskubidea urratzen dituen politika bati. Oraingoan epaimahaietatik datorren hau, pertsona guztien eskubideen errespetua, bake eta erabaki bermea den eszenatoki berri bat eskuratzeko gizarte osoari jarri zaion oztopo berri bat da.

Hori guztia geldiarazi eta salatzeko, joan den 25ean Baionan iragarritako Zapi Kateak izeneko giza kateak berriz ere antolatu eta gizarteari berauetan parte hartzera deitzen diogu. Datorren abenduaren 10ean, honakoak dira hitzorduak:

- Gasteizen Ajuria Eneatik hasi eta Eusko Legebiltzarrera iritsiko den giza katea eratuko dugu goizeko hamabietan.

- Ordu berean Iruñean, bertako parlamentu aurrean mobilizatuko gara eskaera berdinarekin.

- Eta Baionan, Herriko Etxean bilduko gara, arratsaldeko sei eta erdietan.

Ekimen honen aurretik, informazio txosten berri bat entregatuko zaie Eusko Legebiltzar eta Nafarroako Parlamentua osatzen duten indar politikoei.

Kartzela politika honen gakoa den urrunketak, hain zuzen, famili eta ingurumaria afektiboari dakarzkion ondorioak garatzen ditu lan berri honek. Eta esan bezala, Euskal Herrira hurbiltzeko 25 euskal preso politikoen helegiteei Audientzia Nazionalak emandako erantzuna oinarri hartuta idatzi da.

Izan ere, hauetan, dispertsioa neurri urratzailea dela ukatzen da behin eta berriz, helegiteetan gure senideek azaltzen duten egoera ezberdinak gorabehera. Ukapen hori, bizi dugun errealitatearekin erkatzen dugu guk. Audientzia Nazionalak kasu batzuetan kontutan hartu ez eta besteetan hutsalarazten duen politika horretatik eratorritako ondorio eta egoerak aurkezten ditugu guk.

Audientzia Nazionalaren hitz horiekin, errealitate hau eta politika horren benetako helburua guztiz eraldatzen da; hots, urrunketa preso politikoei zuzenduta dagoen bezainbeste dagoela senide eta lagunei zuzendua. Presoen zein gure eskubideak urratzen dituen neurria dela. Eta sufrimendua erabili egiten duela, soilik, helburu politikoekin.

Hau da indar politiko ezberdinei berri eman nahi diegun egoera, giza eskubideen bermatzaile bezala duten ardurari helduz. Beste behin ere, DISPERTSIOA STOP!