Beste behin salaketa prentsaurreko bat. Euskal preso politiko bati eragindako urraketa larri batengatik. Gaixotasun larri batez joa den preso bat: Gorka Fraile. Atzo Badajozeko ospitalean egin zioten ebakuntzaren aurretiko egoera zailtzen saiatu ziren poliziak tratu ankerraren bitartez. Kartzela utzi zuen une beretik berez zaila den operazio artekoa zailago bilakatzeko lanak hartu zituzten. Tratu krudel eta onartezina inorentzat, are preso gaixo batez ari garenean.

Dispertsio politikak sufrimendua handitzen du edozein egoeraren aurrean, zaurgarriak diren egoeretan batez ere. Osasun eskubidea urratzen du, konfiantzazko medikuek ezin artaturik. Tratu duinerako eskubidea urratzen du, polizien jarrera oldarkorrez eta ospitalearen pasibotasunaz. Espetxe politikaren oinarrian dago sufrimenduaren areagotzea, presoaz gain bere senitarteko eta ahaideei ere eragiten diona. Tratu txar psikologikoaren oinarriak ezartzen ditu Gorkak astelehenean sufritutakoak. Adierazgarria da zentzu horretan, Gorkak berebizikoa zen ebakuntza bertan behera uzteko hasierako nahia, etsipenaren menpe.

Eta zera galdegin behar dugu ere. Non daude bermeak lekualdatze eta zainketetan? Non dago ospitaleko ardura? Non daude haien gaixoen onerako dena eta ez dena erabakitzeko eskumen, ardura eta obligazio osoa duten medikuen kontzientzia? Beste behin ebidentzian geratu dira. Ebidentzian, egungo espetxe legeriak presoak eta euren inguruan zigortzeko helburua duelako. Gure senideen izaera politikoa ukatuz, mendekuan oinarritutako neurri eta tratu berezituak aplikatzen dizkietelako.

Aurrerantzean horrelakorik berriro gerta ez dadin bermatzeko, presoa kartzelatik ateratzen den une beretik ospitaleratzea eta prozesu osoa irauten duen bitartean, konfiantzazko mediku eta abokatuaren kustodia exijitzen dugu. Urteetan, bi estatuk eta hedabide batzuek hedatutako mendeku politika eta gorroto sentimenduetan adoktrinatutako pertsonez babestu ahal izateko.
Guzti hau dela eta, euskal preso politikoen senide eta lagunok, euskal gizarteari dispertsioarekin amaitzeko beharra helarazi nahi diogu. Premiazkoa da sufrimendu honekin betirako amaitzea. Kartzeletan denborak ez baitu gaixotasun baten alde inoiz egiten eta gainera, preso politikoen gaineko estutze berri baten aurrean aurkitzen garelako garaiotan. Gorka etxean nahi dugu, denak etxean nahi ditugu.