Fleury Merògis kartzelan dauden euskal preso politikoak gose greba mugagabean daude atzotik bisiten alorrean goia jo duten murrizketengatik; haiekin batera egoera berdinean dauden preso politiko korsikarrak ere baraualdira batu dira.

 

 

ETXERAT. Euren bisita eskubideen alde aste batzuk borrokan zeramaten Fleury Merògis kartzelako euskal preso politiko eta korsikarrak gose greban daude astelehenetik, maiatzetik hilean bira murriztu dieten bisiten eskubidearengatik. Gose greba abiatu duten euskal preso politiko eta korsikarren izenean, Ibon Goieaskoetxeak eta Joseba Iturbidek, gutuna idatzi zioten joan den maiatzaren 30ean Fleury Merogis presondegiko zuzendariari, "inolako abisurik" gabe gauzatu den bapateko aldaketa hau salatuz eta aldaketarik egon ezean, abiatu zuten hasierako janariaren errefuxa utzi eta protesta modu bakezale "erradikalagoak" hartuko zituztela ohartaraziz.


Eskutitzak erantzunik izan ez duenez, errefuxa gose greba bilakatzea erabaki dute, eta egun kartzelako hiru dibisioetan ari dira aurrera eramaten protesta: 1. dibisioan dauden Iurgi Mendinueta, Aitor Elizaran eta Igor Suberbiolak; 2.dibisioan dauden Ibon Goieaskoetxea eta Joseba Iturbidek, eta 3.dibisioan dauden Juan Jose Oses eta Andoni Goikoetxeak. Horrez gain, patioetan planteak egin dituzte patioan, hots, ziegetara itzultzera ukatu. Beraiekin gose greban dauden preso politiko kortsikarrak Cédric Courbey, Xavier Ceccaldi, Laurent Susini eta Éric Marras dira. Hiru urteren buruan erdira murriztu dizkiete bisitak, lautik bira.

Astean behin bisita luze bat izateko aspaldi izandako borroka ekartzen dute gogora Goieaskoetxeak eta Iturbidek (Frantziako gainontzeko kartzeletan ohikoa dena). Horren bidez, hilean lau bisita luze (astean bi bisita pilatzeko aukerarekin) izateko eskubidea erdietsi zuten. Ondoren, kartzelako obra batzuk zirela eta, eta "leku falta" zegoela argudiatuta, hiru bisitara murriztu zituen Fleuryk bisitak, asteburuetakoak mugatuz. Lanak bukatutakoan aurreko egoerara bueltatuko zirela hitz eman zieten presoei aldez aurretik. Baldintza horrekin onartu zuten presoek aldaketa akordioa, euren "borondate ona" erakutsiz, muga material horiek benetakoak ez zirela bazekiten arren. Obrak amaitutakoan kartzelak ez zuen hitza bete, eta euskal preso politiko eta korsikarrek hilean hiru bisita luze izateko akordioarekin (bi asteburuetan eta bat astean zehar) geratu behar izan ziren.

Orain, bisitak izateko instalazioen gaitasunak hobetu direnean eta Fleuryko preso politikoen kopuruak behera egin duenean, bapateko murrizketa honekin "larriki zigortuak" aurkitzen dira. Denbora honetan zehar jasaten ari diren "suntsitze arbitrariorako" arrazoirik ez dagoela gaineratzen dute, nahiz eta espetxeak haiekiko duen "muzin" egiteko jarrera ikusirik, bertan dauden euskal preso politiko eta korsikarrei nahita egindako eraso bat dela baieztatzen dien: "Badakigu jazarpen politikoan oinarritzen den eta gure kondenari ezartzen diozuen familien urruntze politikaren ondorio gehitu bati erantzuten diola honek", idazten diote zuzendaritzari.

Amaitzeko, erabaki honek Korsika eta Euskal Herriko politikariek, nazioarteak eta preso politikoek eurek ere gatazkaren behin betiko konponketaren bidean eramaten ari diren dinamiken aurka zuzen doazela gaineratzen dute gutunean: "Kartzelak gure aurkako, gure senide eta gure herrialdeetako (Euskal Herria eta Korsika) bake prozesuen aurkako ondorio larriak dituen arduragabekeria erakusten du". Bestalde, dispertsioa salatzeaz gain, Korsikako preso politikoen egoerari elkartasuna adierazten diote, Fleuryra 1.200 kilometrotik gorako distantzia dutela gogoratuz.

ETXERATetik, gure elkartasun eta bermea adierazten diegu erabaki hau hartzera derrigortuak izan diren euskal preso politiko eta korsikarrei eta Fleury Merògis kartzelako zuzendaritzara zuzentzen gara zuzenean, salbuespeneko neurriak muturrera eramateagatik ezaguna den presondegi horretako egoera aldatzeko pausoak har ditzan. Nahikoa da berez onartzen ez dugu dispertsio politika zailtzearekin!