ETXERAT (10-III-2020). Zigor Orbe Sevillano preso basauriarra lehenengo graduan mantentzea erabaki du Auzitegi Nazionalak, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak 2019an bigarren gradura pasatzeko eskatu zuen arren.

Zazpi hilabetetan bigarren aldia da Entzutegi Nazionalak fiskaltzak jarritako errekurtsoa onartzen duela, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaten erabakiak ezeztatuz.

Zigor Orbe Puerto I espetxean dago, bere etxetik 1.000 kilometrotara. Basauriko preso honekin egin duen bezala, Ainhoa Barbarín Iurrebaso (Picassent, 600 km), Francisco José Ramada Estévez (Murcia I, 790 km) eta Asier Rodríguez Lopéz (Albolote, 840 km) presoei ere gradu erregresioa ezarri die Entzutegi Nazionalak.

Ibilbide juridiko-penitentziarioa egin nahi duten presoak oztopoekin aurkitzen dira behin eta berriz, haien eskubidea den arren, batzuetan espetxeko Tratamendu Batzordeak dira gradu progresioa ematea uzten ez dutenak (espainar Estatuan dauden presoen %80a dago lehen graduan), baina espetxeetako batzordeak erregimen arrunta proposatu dutenean (lehen aipatutako lau presoen kasuan bezala) Espetxeko Idazkari Nagusiak gutxietsi du.

Ondoren abokatuek jarritako errekurtxoak Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraletan irabazi dira, baina progresioa baimentzen zuten autoak errekurritu ditu fiskaltzak eta azkenik, Auzitegi Nazionalak onartzen ditu.

Zigor Orberen gradu erregresioa onartzen duen autoan, Lehen Sailako magistratu baten bozka aipatu beharra dago, erabakiarekin desadostasuna adierazten duelako, 17 urteko kondentatik 12 urtez erregimen itxian egon dela gogorarazten du eta erregimen arruntean eta lehen graduan bizi normala egitea ezinezkoa dela gehitzen du, presoen eskubideak mugatzen dituen kontraesana dela dio, konpondu beharrekoa.

Gainera, autoak presoaren harremana ETArekin aipatzen du, magistratu honen ustez egokia ez dena "erakundea desegina baitago eta gainera presoa ez zuten kondenatu, ez partaide izateagatik, ezta kolaborazioagatik ere”.

Graduen erregresioak eta orokorrean salbuespen espetxe politikak gure senide presoei eskatu zaien bakarkako ibilbidea oztopatzen diete eta ondorioak egunero bizitzen dituzte, gainera etxetik urrun mantentzeko aitzaki gisa ere hartzen dute, eta ondorioz senide eta lagunen kondenak betikotzen dira.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!