ETXERAT (2021-XI-16). Gregorio Vicario Setien Durangoko preso politikoa atzo iritsi zen Leongo Ospitalera, Burgosko espetxetik, bypass koronario bat jartzeko ebakuntza egin ahal izateko.
 
Denbora batez bularraldean mina izan ondoren, bere gaitzarekin lotutako lehen abisua 2020ko maiatzean eman zuen, Topaseko espetxean zegoela. Ospitaleko errebisio baten ondoren, kartzelara itzuli zuten berriro. Burgosko espetxean egon den denbora honetan, Vicario Setien larrialdietara eraman dute 2021eko urtarrilean eta otsailean mina eta zorabioak izateagatik. Joan den martxoan kardiologiako kontsulta bat izan zuen, ekainaren 17an esfortzu-proba bat egiteko itxaron-zerrendan zegoela baieztatu baitzioten.
 
Vicariori urriaren 26an egin zioten proba hori Burgosko Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Departamentuan, eta euskal presoari hedadura handiko iskemia larria antzeman zioten. Bere egoera larria zela eta, joan den azaroaren 3an kateterismo bat egin eta stent bat jarri zioten.
 
Gaineratu beharra dago, bestalde, preso durangarrak eskuineko begiaren ikusmena ia galdua duela, begi horren erdiko zainaren oklusio baten ondorioz, eta bere egoera itzulezina dela.
 
Euskal Herriko espetxe batera eramateko hainbat ukapen jaso ditu. Joan zen uztailan, Tratamendu Batzordeak Euskal Herriko espetxe batera lekualdatzeko hartutako erabakiaren kontra, Burgoseko espetxean gelditzea agindu zuen Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak. Orain, bere osasun egoera larria ikusita, Durangoko presoak bere egoera aztertu behar duen tratamendu batzordea aurreratzea eskatu du.
 
64 urte dituelarik, Gregorio Vicario 2001ean atxilotu zuten Frantziako Estatuan, eta behin-behinean entregatu zuten epaiketak egiteko, 2016an behin betiko entregatzeko. Espainiako Estatuak Frantzian betetako kondena zenbatzen ez dien 50 euskal preso baino gehiagoren zerrendan dago; beraz, 22 urte inguruko espetxealdia geratzen zaio betetzeko. Kondena bikoitza betetzen dute delitu beragatik euskal presoek eta bada garaia horrekin bukatzeko.
 
Zalantzarik gabe, beste euskal preso askori bezala, espetxean oso egoera txarrean egoteak, duen adinari gehituta, Durangoko presoaren osasuna apurka-apurka hondatzea dakar. Etxeratek besarkada bat eta gure babes osoa helarazi nahi die Gregorio Vicariori eta haren familia osoari une delikatu honetan, era berean, espetxe-administrazioari eskatzen diogu berehalako irtenbide humanitarioak har ditzala, Gregorio Vicario espetxetik ateratzeko edo espetxeratze arindua egiteko, bai eta gaixotasun larriak dituzten beste 19 euskal presoei ere neurri bera aplikatzeko.