ETXERAT. Hain une latzetan, presoen senide eta lagunak garen heinean, gure babesa, elkartasuna eta gure maitasun osoa zuzendu nahi diegu bai Oier Gomez euskal preso politikoa zein bere senide eta gertukoei. Gogorra da irudikatzen Oier sufritzen ari den oinazea, are gehiago ziega barruan dagoela, bere gertukoen berotasuna eta maitasuna jaso ezin. Gogorra da irudikatzen bere senide eta gertukoengan Oierren egoerak eragiten duen mina eta hemendik aurrera zer gertatuko zaion ez jakiteak sortzen duen ezintasuna.

Euskal preso politiko, iheslari eta haien senide eta gertukoen eskubideen alde lanean jarraitzeko gure borondate irmoa erakutsi nahi dugu beste behin ere. Oier Gomez eta bere ingurukoek pairatzen ari direna ezin da berriro errepikatu eta gaixorik dauden presoen askatasuna zein gainontzeko presoak lehenbailehen Euskal Herriratzeko lanean jarraituko dugu.

Bagoaz eta Sare-k gaur eskainitako agerraldiaren edukia:

Oier Gomez Mielgoren egoera juridikoa:

Oroitarazteko, Oier Gomez Mielgo 2017ko urtarrilaren 10etik ospitalizatua da eta garatua den bizkarrezurreko minbizia, Ewing motako sarkoma bat diagnostikatua izan zaio (pelbisean metastasi oseo ugariak eta buru metastasia). 2017ko otsailaren 2an arrazoi medikaletan oinarrituriko kondenaren suspentsio eskaera egin zen Pariseko Penen Aplikaziorako Auzitegiaren aitzinean. Epaileak, perito bat, mediku onkologo bat, izendatu zuen, Oierren osasun egoeraren inguruan eta segitu behar duen tratamendua espetxearekin bateragarria den edo ez denaren inguruan azterketa bat egin dezan.

Oierretaz arduratzen diren medikuek Oierri ezarritako tratamendu medikal eta bere osasun egoera ez direla bateragarriak espetxearekin kontsideratzen dute.

2017ko martxoaren 31ean egina izan den expertisa medikala ber zentzuan doa baita ere urrunago. Expertisak ondorioztatzen duenez «Metastasi fasean diren Ewing sarkomen” pronostikoa biziki iluna da eta gaixoaren bizitza pronostikoa arriskuan da. Litekeena da gaixo honen biziraupena 6 hilabete baino gehiagokoa ez izatea. Laguntza ingurune ospitalario bat beharrezkoa da. Kondenaren suspentsio neurria egokia da».

Egoera biziki larria da.

Kondenaren suspentsio eskaera heldu den apirilaren 19an aztertuko du Pariseko Kondenen Aplikaziorako Auzitegiak. Ikusiz eta audientzia ze fite finkatua izan den, erabakia ahalik eta azkarren ematea espero dugu.

Horretaz gain, Oier Gomez Mielgok 3 euroagindu onartuak ditu, Estatu frantseseko kondena bete eta gero entrega burutzekoa da. Estatu frantsesean ezarritako kondena betetzeaz gain, extradizioenpeko espetxeratze aginduak ditu. Suspentsioaren onartzeak bakarrik kondenarentzat balio du, extradizioenpeko espetxeratze agindu hoien suspenditzea faltako litzateke. Hau horrela, hurrengo egunetan, onartuak dituen 3 Euroaginduen prozeduretan, Pariseko Appeleko Gorteko Instrukzio Ganbararen aitzinean askatasun eskaerak aurkeztuko ditugu, haiek aztertuak izan daitezen kondenen aplikaziorako auzitegiaren erabakia eman bezain laster.

Kondenaren suspentsioa onartuko balitz, prokuradoreak helegitea aurkezteko aukera duela ez da ahantzi behar. Helegite hori erabakia ematen denetik 24orduko epean egingo balu erabakiaren suspentsioa ekarriko luke, hau da Oierrek preso segituko luke eta Pariseko Appeleko Gorteko Penen Aplikazio Gelaren aitzinera eramango gintuzke, audientzia berriaren data gutxienez bi hilabetetara finkatuko litzatekeelarik. Kontutan izanik, apirilean garela eta uztaila eta abuztuan ez dela audientziarik egoten, horren ondorioz, okerrenean, audientzia irailean izatea suposatuko luke. Oierrentzat katastrofikoa litzakena.

Sare eta Bagoaz-en irakurketa:

Azken egunetako berriek esperantza berri bat sortu dute Euskal Herrian. Ez da dudarik, larunbatean bake prozesua indartu da. Larunbatekoa izan da bakearen eguna, preso eta iheslarien eguna, biktima guzien eguna, eta euskal herriko gizarte zibilak bake prozesua bururaino eramatea erabaki du.

Orain dugun erronka nagusia preso eta iheslariena da, eta indarrak emanen ditugu horretan. Salbuespenezko neurriak gaindituko ditugu, eta euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua aktibatuko dugu.

Gaur muturreko egoera batek bildu gaitu hemen, Oier Gomez urtarriletik ospitalizatua da . Minbizi oso larria du. Aste huntan jakin dugu bere pronostiko bitala engaiatua zela, 6 hilabeteko epea emana izan zaio, audientzia helduden astean izanen da apirilaren 19an . Momentu huntan Oier bakarrik da. Bakarrik bere eritasunaren kontra borrokatzeko, bere senideen ondoan izan behar duelarik. Ezin dugu onartu egoera hau. Salatzen eta borrokatzen segituko dugu. Egoera horren erantzule bakarra gobernu frantsesa da, Oier ez bada berehala askatua, Parisen, preso eta bakarrik hilko da, eta galdetzen diogu Frantses estatuari horren onartzeko prest den?

Gaur egun 13 dira larriki eri diren presoak. Garaia da presoen gaia desblokeatzeko, garaia da larriki eri diren presoak askatzeko.

Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko dinamikak ezin du gehiago itxoin, denek elgarrekin gure aldarriak PARISE eta MADRILE arte eraman behar ditugu. Salbuespenezko egoera guziekin bukatu behar dugu, larri eri diren presoak askatu behar ditugu, kondena bukatu duten presoak askatu behar ditugu, dispertsioarekin bukatu behar dugu.

Heldu diren egunetan Sare eta Bagoazek mobilizazio komunak antolatuko ditugu:

   Apirilaren 18an elgarretaratzea Bilbon Frantses kontsulatuaren aintzinean 12h30

   Apirilaren 19an Baionan suprefekturan 18h30etan.

Bestalde, apirilaren 22an elkartasun eguna antolatua du Oiertxo SOS plataformak Gasteizen eta maiatzaren 6an manifestaldia deitu du Sarek Gasteizen ere.

Ez dezagun utzi Oier presondegian hiltzen! Etxean eta bizirik nahi dugu!

oierargazkia.jpg