ETXERAT (2019-XII-10). Beste urte batez Etxerat Elkarteko kideak Giza Eskubideen Nazioarteko egunean kalera atera gara euskal preso politikoen senide eta lagunei inposatutako kondenaren amaiera aldarrikatzeko, dispertsioaren ondorio gordinak jasaten jarraitzen baitugu.
Hori dela eta zapi-katea osatu dugu gaur hemen, gure zapiekin batu gara Iruñea eta Gasteizen, pertsona guztien eskubide guztiak onartuak, errespetatuak eta modu eraginkorrean eta unibertsalean aplikatu daitezen aldarrikatzeko eguna baita gaur, Estatu Espainolak, ordea, salbuespenezko espetxe politika mantentzen du eta, beraz, deklarazioa unibertsal hau aldarrikatzeko zilegitasunik ez du.
Ehunka familiek, milaka pertsonek, kondena hau sufritzen jarraitzea jasangaitza delako. Espainiako Gobernuak euskal presoak dispertsaturik mantentzea haien senide eta lagunentzat kondena injustua suposatzen du. Senideon kondenarekin amaitzea eta, beraz, sufrimenduarekin ezinbestekoa da, gure eskubideak urratzen dituelako.
Dispertsioak 16 hildako eragin ditu dagoeneko, eta milaka kaltetu egon dira istripuetan, nahiz eta diskurtso ofizialak gertaera hauek ez dituen onartzen.
Osasunerako eskubidea, segurtasunerako eskubidea, erabaki arbitrarioen subjektua ez izatearen eskubidea, harreman familiarra izateko eskubidea, diskriminazioa ez jasateko eskubidea.Urratzen dizkiguten eskubideak dira hauek, gure kasuan, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak aldarrikatzen dituen eskubideak ez daudelako bermatuta. Hau guztia dela eta, eta euskal gizarteak hala nahi duelako, gure eskubideen alde lanean jarraituko dugu.