ETXERAT (2022-IV-6). Haserrea eta gaitzespena adierazi nahi dugu Etxerat elkartetik, izan ere, otsailaren amaieran Martuteneko tratamendu-batzordeak Oñatikoa den Joseba Arregi Erostarbe presoa hirugarren gradura pasatzea proposatu eta Lakuako Gobernuak onartu ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak helegitea jarri duelako. 

Besarkada bat luzatu nahi diegu, bai Joseba Arregiri, zein bere familiari. Beste behin ere, fiskaltzak tratamendu-batzodearen irizpidearen aurkako errekurtsoa sustatu du, batzordea presoaren bizitzaren eta bilakaeraren nondik norakoak benetan ezagutzen dituena delarik, eta beraz, erabaki bat hartzeko modu objektiboan baloratu behar diren elementuak dituena; horregatik ez dugu uste egokia denik, idazki batean oinarriturik, urrun dagoen auzitegian erabakia hartzea.
 
Era berean, fiskalaren errekurtsoan aipatzen da Oñatiko presoak aurretik baimenik ez duela izan, hirugarren graduari uko egiteko oinarritzat hartuz, eta hori ere, baimenak izatea alegia, sistematikoki errefusatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Aitzitik, euskal presoak bigarren graduko irteera programatuak izan ditu Martutenen.
 
Gainera, legeria arrunta aplikatuz gero, 75 urte dituen Joseba Arregik, adinagatik, hainbeste urteko espetxeratzearen ondorioz eta dituen multipatologiengatik kalean egon beharko luke 30 urte kartzelan eman ondoren. Espainiako zigorraren hiru laurdenak beteta zituen 2019ko ekainean, eta Frantzian egin dituen 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, badira urte batzuk aske egon beharko litzatekela.
 
Nolanahi ere, oso positibotzat jotzen dugu Egoitz Coto Etxeandia, Joseba Lerina, Iñaki Garces Beitia, Unai Fano Aldasoro, Ugaitz Perez Zorriketa, Mikel Arrieta Llopis eta Francisco Jose Ramada Estevez presoei, otsailaren amaieratik, EAEko espetxeetako tratamendu-batzordeek proposatuta eta Lakuako Gobernuak onartu duen hirugarren gradua.