ETXERAT. Gaur Lasterbidean-eko V. edizioa gauzatu da Oñatin. Euriari eutsiz, arrakasta handia izan du elkartasunaren aldeko lasterketak. 700 korrikalaritik gora hartu dute parte lasterketa luzean. Bukaeran, ekitaldi bat gauzatu da. Hemen duzue esandakoaren laburpena.

Urratsez urrats goaz aurrera egungo espetxe politika deseustatzeko, gure senide errepresaliatuen eta gure eskubideen errespetua premiazkoa delako, oso urjentea delako gure herriak bakearen aldeko bideak irekita aurkitzea. Ibilibide horretan hainbat kilometro korritu ditugu gaur Oñatin.

Eskerrik asko guztioi. Eskerrik handienak partehartzaileei, ikusleei, laguntzaileei, hilabeteetan zehar hau antolatzeko denbora eman duzuen guztioi. Azken hilabeteetan Oñatiko herria etengabeko ahaleginean izan da gaurko ekimena posible egiteko. Gure txalorik beroenak denontzat, Lasterbidean gauzatzea posible egin duzuen guztioi.

Korrikaren kirol eremutik jaiotako euskal errepresaliatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasun herri ekimena den Lasterbidean-ek bere V. edizioa bete du gaur. Gaur ere ikusi ahal izan dugu esperantzaren kolorea gorria izan daitekela eta elkartasunak hamaika aurpegi, hamaika pauso dituela. Batzutan oinez, bestetan autobusez, edo gaur bezala, korrika, elkartasun pausoak ematen ari gara. Etengabe. Jakitun gara preso zein urrun dauden euskal herritarren eskubideak behingoz errespetatzeko etxera ekartzeko lasterketaren erritmoa biziagotu beharra daukagula.

Espainiar zein frantziar gobernuek bermeak eman beharrean, zailasunak baino ez dituzte jartzen bake eta konponbide prozesua muturreraino eramateko. Horregatik epe luzerako lasterketa izateaz gain, gurea, oztopo lasterketa bat da. Urrun da Oiartzunen korritutako kilometro sorta. Lasterbidean sortu zenetik bost urte joan badira ere, zoritxarrez, arineketan darraigu, urrunketari bidezidorra topatu nahian.

Geldialdirik gabeko lasterketa honekin jarraitu beharra daukagu, arnasa ondo hartuta, gaur kartzeletara joandako senide eta lagunekin konpartitzeko eta gure helmuga lortu ahal izateko; buelta daitezen! Etxean nahi ditugu! Denon artean eta arin, helmugak ezin baitu denbora luzean itxaron. Horrexegatik, nork bere esparrutik elkartasun pausoak emateko gonbitea egin nahi dugu hemendik, pausoak pauso gehiago dakarrelako.

Laster bidean, laster etxean!

laster2.jpg