ETXERAT (2020-IV-30). Parisko Apelazio Ganberak Josu Urrutxikoetxea euskal preso politikoaren behin-behineko askatasunaren erabakia dela eta, Etxerat elkartetik gure haserrea eta atsekabea adierazi nahi ditugu jasotako ukapen berri honen aurrean.

Urrutikoetxearen osasun egoera delikatua dela jakinik, ulergaitza egiten da pandemia egoera baten agertoki arriskutsuan Josu espetxean mantentzea. La Santé espetxeko medikuen zuzendariak presoaren kartzelaratze egoerari behin-behineko amaiera aldarrikatu izan du eta, are gehiago, presondegi horretan Covid-19 gaitzaren kasu positiboak agertu direlarik.

Berriki ehundik gora pertsona famatuk Josu Urrutikoetxearen berehalako askatasuna eskatzen zuen idatzia argitaratu zuten. Izen handiko jendartea bildu zen idatzi horretan: Brian Currin (Euskal gatazkako bitartekaria), Christiane Taubira (Frantziako Justizia ministro ohia), Pierre Joxe (Frantziako Barne ministro ohia) edota Noam Chomsky (hizkuntzalari estatubatuarra) bezalakoen izenpetzeak jaso ditu.

Bidenabar, Josu Urrutikoetxea gisa, Ibon Fernandez Iradi eta Jon Gurutz Maiza larri diren presoen berehalako askatasuna exijitzen dugu. Baita hilabete honetan 30 urte espetxean bete dituzten Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Frederic Haranburu presoen askatasunak. Azken hilabete eta erdian Frantziako espetxe arduradunek ia 12 mila preso askatu dituzte eritasunak, kondena amaierak eta behin-behineko egoerak baldintza gisa hartuz. Gure senide presoei salbuespena ezarri diete beste behin ere, espetxean mantenduz eskubide oro ukatuz.

Amaitzeko, Bake Bideak eta Bake Artisauek egindako salaketa publikoa gure egiten dugu. Erabaki hau ulergaitza eta sinesgaitza iruditzen zaigu duela hainabt urte jada irekitako agertoki politikoa kontutan harturik. Bake prozesuan eman diren aurrerapenak ikusteko borondate eza adierazi dute berriro ere Frantziar epaitegiek. Gizartea astitzen ari den gaitzaren aurrean, egoera zaurgarrienak dituzten gure senide presoen berehalako askatasuna galdegiten dugu.