gaixoak.jpg

Gaixo larri eta sendaezinen dituzten presoen zerrendak 19 preso gaixo biltzen ditu

ETXERAT (2020-I-8). Gaixotasunak pairatzen dituzten preso politikoen egungo egoera ezagutarazteko deitu dugu prentsaurreko hau. Egoera kezkagarria, profesional medikuek azalduko diguten bezala. Baina, aldez aurretik, kartzela eritasuna sortzen duen lekua dela adierazi nahi dugu. Toki hertsi eta gainpilatutako bizi baldintzak; kontrol eta tentsio iraunkorra bizitzaren arlo guztietan; preso hauek urte luzez bizitza modu antinaturalean bizitzera behartuak egoteak eritasun fisiko zein psikikoak eragiten du. Baldintza hauek bizitza erregimen hertsietan zorroztu egiten dira: lehen graduak, erregimen hertsiak, bakartze neurriak… Kartzelak eritasuna sortzen du eta, areago, behin agertuz gero preso eriak ez ditu beste edozein gaixoren aukera berak bere gaixotasunaren diagnostikoa burutzeko edo artatua izateko: preso gaixoa presoa da lehenik, kategoria honi dagokion murrizketa, muga, baldintza eta debekuekin eta gero, izatekotan, gaixoa. Bere osasunerako eskubidea bigarren mailan kokatuko da beti.

Hilabete luzez atzeratzen diren kontsulta, froga eta diagnostikoetaz ari gara, diagnostiko eta tratamendu goiztiarren kaltetan eta gaixoaren zein bere familiaren kezka eta beldurra kontuan hartu gabe; epe egokietan betetzen ez diren errebisio medikutaz ari gara, larritasun maila edozein gisakoa izanik ere; behin eta berriz bertan behera geratzen diren kirurgia interbentzioak... kartzelan suertatzen den eritasun kasu bakoitza froga latz bat bilakatzen da gaixoa zein bere sendiarentzako, jakinik traba eta oztopo lasterketa batean sartu dela.

Aipamen berezia merezi du preso gaixo eta sendaezinen egoerak. Egungo espetxe politikarako, hots, txantajea eta mendekua besterik bilatzen ez duen salbuespenezko espetxe politikarako, pertsona hauen egoera helburu nagusia bilakatzen da. Ondorioz, legeriak besterik agintzen badu ere, gaixo larri eta sendaezin hauek hauek aske geratzea lan gaitza bilakatzen da. Ez dugu ahaztu behar zer krudelkeriarekin jokatu izan den pertsona hauekin, sufrimendua bizitzaren azken unerarte luzatzea exijituz eta kanporatzeko baldintza berriak ezarriz.

Azkenik, oroitaraztea beren gaixotasunagatik kanporatuak izan ziren hiru preso ohi zendu direla 2019an, beren heriotza baino hilabete batzuk lehenago eta gaixotasuna fase terminalean zegoela kanporatuak.                                

Presoak eta osasuna gaur egun

Preso gaixoei buruzko gaur egungo egoerari dagokionez, gure laguntza behar duten 69 gaixo organiko ditugu erregistratuak; pertsona hauek larritasun ezberdinetako gaitzak pairatzen dituzte eta gure eginbeharra da haietaz arduratzea. Halere, beste 38 ditugu patologia arinagoaz jota daudenak edota gure laguntza bereziaren premiarik ez dutenak baina uneren batean beren osasun egoerak larriagotzera jo dezakeena. Lehenengo taldeari eskaintzen diogu arreta handiena, baina badakigu larriagotze berriak suertatuko direla, hori adierazten digulako espetxeetatik datozkigun historial mediku berriek.

69 hauetatik 16k preso gaixo larri eta sendaezinen zerrenda osatzen dute. Beste 15i jarraipen zorrotza egiten zaie eta, azkenik, 37 ditugu kontrolpean ere, patologia arinagoaz jota. Hauetako batzuk froga klinikoen zain daude une honetan, diagnosi larriaren aukera handirekin.

Gaixotasun psikikoa pairatzen duten pazienteei dagokionez, une honetan 16 ditugu erregistratuak. Hauetako 4 preso gaixo larrien zerrenda osatzen dute, 6k jarraipen estua dute eta beste 6 kontrolpean. Baina 16 hauetaz gain, baditugu beste 26 nolabaiteko neurosia pairatzen dutenak eta gure laguntza jaso dutenak edo jaso dezaketenak. Gaixotasun psikikoa duten 13 presok jasotzen dute kanpoko gure profesionalen terapia bisitak (bakarkako terapia espetxeetan); kontuan izateko datu bat: azken 12 urteotan espetxez kanpoko psikologo edo psikiatren 33 bisita eskaera ukatuak izan dira espetxearen aldetik.

Kontuan izateko beste datua: gaur egun, kolektibo honetan 250ren bat preso izanik hauetako %34k gaixotasun garrantzitsuren bat pairatzen dute; orain 10 urte, berriz, 750 preso izanik, ez ziren %25era iristen. Zer gertatu da tarte horretan? Ze faktorek eragin du preso gutxiagorekin erien kopurua horrela igotzeko?: kolektibo honen adinaren bataz bestekoaren igoera eta espetxealdien luzatze ikaragarria.

Guzti honen ondorioa urtero osatzen dugun preso gaixo larri eta sendaezinen zerrendan gauzatzen da. Gaur egungo zerrendak 19 preso gaixo biltzen ditu, iaz baino bi gutxiago: Aitzol Gogorza, espetxeratze arinduan, eta Jose Angel Otxoa de Eribe, berriki zendua. Zerrenda honetan baditugu batzuk arrisku oso larriak dituztenak, hau da, heriotza arrisku bizia dutenak. Talde honetan ditugu minbizia, kardiopatia larriak (Josetxo Arizkuren edo Mikel Otegi) edota gaixotasun psikiko larriak (Txus Martin, Kepa Arronategi eta zerrenda ez publikoan biltzen den preso bat) eta baita ere gaixotasun degeneratiboa estadio aurreratuan duen paziente bat (Ibon Fdz. Iradi, esklerosi anizkoitzak jota). Beste talde bat dugu heriotza arrisku nabarmenik ez dutenen baina espetxeak berak (egiturak, arautegiak...) kaltetzen dien pazienteek osatua: hemen ditugu gaixotasun degeneratibo zenbait (espondilitisa, psoriasi artropatia) edo gaitz oftalmologiko larriak dituztenak (Iñaki Etxeberria, Jon Gurutz Maiza).

Gauzak horrela, argi dago heriotza arriskua dutenek lehenbailehen aske egon behar dutela, hau da, minbizia, bihotzeko gaitz larriak, gaitz psikiko larriak eta endekapen estadio larriak dituztenak. Minbizia dutenen kasuan badago bere egoerak onera egin duena, baina gaitzaren arriskua eta larritasunak berpiztearen arrisku oro (Uribetxeberria edo Otxoa de Eriberen kasuak) saihestea eskatzen digu. Heriotza arrisku nabarmena ez duten gaixo kronikoen kasuan, berriz, lehenbailehen Zaballara ekartzea litzateke egokiena, bertan jasotzen ahal dutelako zainketa eta ospitale arreta egokiena.

Bestalde, espetxeratuen kartzelaren aldeko osasun arretari dagokionez, azken hilabeteotan preso gaixoengan eragin kaltegarria izan dituzten hainbat akats edo hutsegite ikusi izan ditugu. Azken aldi honetako kasuak kontuan hartuta, hauexek dira gure ustez zuzendu beharreko akats edo hutsegite zenbait.

Alde batetik, ospitale interbentzio, kontsulta edo frogen gehiegizko atzerapenak. Azken hilabeteotan honako akatsak jasan behar izan dituzte preso gaixo batzuek: urtebete baino beranduagoko kirurgia interbentziorako itxaron zerrendak, koordinazio eza kartzela eta ospitalearen artean, komunikazio eza pazientearekin bere oinazeak eta ezinegona kontuan hartu gabe, tratamendu akatsak espetxean...Bestalde, pazienteen jarraipen mediku eskasaren kasuak ere izan dira. Kepa del Hoyoren kasua argitu da azken hilabeteotan: bere heriotza eragin zuen bihotz gaitzaren gestioaren akatsa nabarmen agertu delarik.

Edo Josetxo Arizkurenen kasua, bihotzeko arazo larriak izanik tratamendu okerra jaso izan duena espetxean. Era berean, preso gaixo larri eta sendaezinak askatzeko zailtasunak errepikatzen dira urtez urte. Joan den urtean bi preso gaixo larri eta sendaezin kaleratu ziren (Asier Aginako eta Jose Angel Otxoa de Eribe), baina ohartarazi behar dugu azken urteotan askatze hauek urte luzeren ondoren suertatzen direla, gaixoen egoera txosten mediku ezin argiagoek behin eta berriz baieztatuak badira ere. Gai honi dagokionez, askotan espetxe edo epaitegi iritziak dira lehenesten direnak gaixo hauen askatzea erabakitzeko, mediku irizpideen gainetik.

Hor dugu gaur egun, adibidez, Ibon Fdz. Iradiren kasua, esklerosi anizkoitza duena: epaileak izendatutako mediku adituen balorazio txostenak pazientea aske egon behar zela adierazten bazuen ere, epaitegi ebazpenek zein fiskalaren helegiteek bere kasuaren 3 urte luzeko atzerapena eragin dute, datorren astean ebatzi behar delarik bere egoera.

Eta, azkenik, aipatu behar joan den urte honetan hiru preso ohi gaixo hil direla, askatzea eragin zuen gaixotasun larriaren ondorioz: Oier Gomez, Juan Mari Maizkurrena eta Jose Angel Otxoa de Eribe. Hiruak minbiziarekin eta hiruak gaixotasunaren azken estadioan. Esan beharrik ez dago gaitzaren lehen fasean askatuak izan balira euren bizitza esperantza luzatzeko aukera benetakoa izango litzatekeela.