2021 Lekeitio.jpg

ETXERAT (2021-VIII-1). Oraingoz ez zaie espainiar zein frantziar estatuei borondate politikorik ikusten, portaera mota bat desaktibatzeari ekiteko, iraganeko inertziak alboratu eta behingoz erabaki bat hartzeko, bizitza aske bat izateko gure senitartekoek egin behar duten bidea eragozten duten ad hoc neurriei amaiera emateko.

Testuinguru horretan, berriz ere, “Salbuespen politikari stop! Etxera!” lelopean mobilizazioak gauzatu ditugu gaur Euskal Herriko hamazazpi hondartzetan.

Egia da Andaluziako espetxeetan ez direla euskal presorik, bai aldiz Paris aldean. Oraindik 147 euskal preso Euskal Herriko periferiako espetxeetan daude, bai Estatu espainiarrean, bai frantsesean ere. Bitartean, EAEko eta Nafarroako espetxeetan modulu hutsak daude.

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituztena 19 presoak berehala aske utzi behar dituzte. Horretaz gain, 70 urtetik gorako 9 preso daude. Joseba Arregik 75 urte ditu Oñatiko presoak 30 urte betetzen ditu espetxean. Hauek guztiak ere kalera atera behar dira. Berehala.

Horrekin batera, 33 erbesteratuen eta 8 deportatu politikoen itzulera erraztu behar da.

Espainian dauden 50 presori baino gehiagori ez zaie Frantzian egindako kondenaren denbora zenbatu. Aurten, 2021. urtean, kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoen kopurua 60 izango da, eta espetxea uzteko eskubidea dute. Bestetik, zigorrak berrikusteko mekanismoak behar dira Espainian 7/2003-arekin kondenatuta dauden 60 presoentzat (biziartekoa ezkutuan). Frantziatik entregatzen direnak gehituko zaizkie horiei gainera.

Frantziar Estatuan berriz, Jon Parot eta Jakes Esnal preso segitzen dute. 31 urte preso egon ondoren, 70 urte bete ondoren, Xistor Haranbururen baldintzapekoa onartu ondoren, Frantses Gobernuak bi preso horiek preso mantentzearen deliberoa hartu du, Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren aldarrikapenak mespretxatuz.

Hauen egoeren gibelean gordetzen den borondatea argi da: Heriotz zigorraren aplikazioa! Gure senideek paraitzen duten mendeku politika salatzen dugu. Jon eta Jakes, Xistor bezala, bere senideekin etxean nahi ditugu!

Asko gara gaur, berriro ere, Euskal Herriko 17 hondartzetan bildu garenok. Hiru hamarkada baino gehiago behar izan dira presoen urruntze sistematiko eta orokortuari amaiera emateko, eta beste horrenbeste, presoei errejimen arrunta itzulia izan dakien. Alabaina, ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron oztopoak eta galarazpenak behingoz gainditzeko. Ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten eta ezin da kondenatu euskal gizartea bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera.

Salbuespen politikari stop! Etxean eta bizirik nahi eta behar ditugu!