Apiril bukaeran erasotu zuten, Zigor anaiari kartzelan bertan bisita ukatu eta hori dela-eta azalpenak eskatu ostean. Anaiek elkar ikustea eragozten duen sei hilabeteko debekua duela adierazi zioten Zigorri, baina zergatik den oraindik ere ez dakite.

 

ETXERAT. Fleury-Mérogis kartzelan dagoen Ibon Goieaskoetxea (Gernika) euskal preso politikoak apirilaren 23an miaketa baten erdian jipoia jaso zuela salatu du. Hurrengo egunean bertan egin zuen salaketa. Urraketa larri hau bere anaiari Fleuryn bertan debekatutako bisita batean du jatorria, Goieaskoetxeak aipatzen duenez, hara joateko egindako kilometroak eta gero. Erabakia bidezkoa ez zela jakinarazi zien lasaitasunez Goieaskoetxeak arduradunei, "horrelako eraso zuzena" ezin zuela onartu. Protesta moduan ziegara bere borondatez igoko zela adierazi zuen Goieaskoetxeak.

Miaketa gelan eraso zuten presoa. Barruan topatutako pertsona baten "urduritasun nabariak"- alde batera eta bestera zebilen- eta "horrenbesteko errezepzioak" – ateko leihatilatik kartzelako zuzendaria eta beste lau langile zeuden begira- , Goieaskoetxea kezkaren "alarma gorria" piztera eraman zuten. Ostikoak eta buru atzean kolpeak jaso zituela salatu du lepotik eta bizkarretik lurraren kontra indarrez heldurik zutela, baita esku zein besoak bihurritu zizkiotela. Ziegara eskuburdinekin eraman eta bertan ere jipoitu zuten. Erasoak odoletan utzi zuen. Zutitzeko zailtasunak buruarekin pareta jotzera eraman zuen, lurrera eroriz. Ondorioz, bizkar eta sorbaldan ubeldurak sortu zitzaizkion presoari, baita bekokian kolpea eta ebakiak.

Sei hilabeteko debekua
Martxoaren 9tik anaia ikusteko sei hilabeteko debekua ezarri diote Zigor Goieaskoetxeari. Bi anaiek elkar ikusteko debekuaren jatorria baina, oraindik ez zaie argitu, ezta behar bezala jakinarazi ere. Dirudienez martxoan jazotako ustezko kontrol arrunt batean izan lezake jatorria, bai behintzat datei erreparatuta, haiei momentuan ezer jakinarazi ez bazieten ere. Martxoaren 7ko bisitan, Zigor ihesaldiak ekiditeko tinta ultravioletaz zikindu zen nahigabe anaiaren eskua ukitzerakoan, eta Ibonen identitatea barruan konprobatu arte atxiki zituzten anaia eta bere neska. Hatz marken bidez kartzelakoa Ibon bera zela egiaztatu eta bere horretan geratu zen afera, hasieran horrela pentsatu zutenez. Horren ondotik, Ibon deitu eta ihesaldi bat prestatzen ari ote zen esanez mehatxatu zuten kartzelan. Berak ezezkoa eman eta zuzendariarekin biltzeko eskatu zuen handik egun batzuetara, haren eta anaiaren aurka zeozer zegoen jakiteko. Ezetz erantzun zioten.

Martxo bukaeran, ordea, beste senitarteko bat ohartu zen Zigorren bisita txartelean zerbait gorriz idatzia zuen "post-it" bat itsatsia zegoela. Ia zer zen galdetuta, funtzionarioek ez zioten erantzun. Horiek ikusita, apirileko 17ko bisita baino lau egun lehenago epaitegira hots egin zuen Zigorrek, haien kontra zerbait zegoen jakiteko. Lasai joateko erantzun zioten, tankerako ezer ez zutela jaso. Hara heltzean, ordea, baimenik ez zuela esan zioten, gerora sei hilabeteko debekua ezarrita zuela jakiteko, martxoaren 9tik irailaren 9ra, hain zuzen. Hori baieztatzen zuen epaitegiko dokumentua eskatu zuen anaiak baina ukatu egin zioten, txosten baten azken orria baino ez zioten eman, momentuan boligrafoz gehitutako bere izen eta zigilu batekin. Hurrengo goizean berriz joan zen kartzelara, familiaren abokatuak faxa bidali ostean. Kartzelatik, ukatu egin zuten zerbait jaso izana eta arduradunarekin biltzea eragotzi zioten. Bost egun beranduago Ibon bere anaia jipoitu zuten. Duela pare bat urte Villefrancheko kartzelan ere eraso zuten beste preso batzuekin batera.

Bertsio kontrajarriak heldu zaizkie, orobat. Alde batetik, kartzelak Zigorri jakinarazpen bat helarazi ziola esan zion, haren helbide zaharrera, baina. Hala izatekotan bueltan jaso behar izan zuten gutun hori, hartzailea ez topatzerakoan, baina ez da horrelakorik gertatu. Bestalde, kartzelako arduradunetako batek abisurik sekula ez dutela bidaltzen baieztatu zion Zigorri. Familiaren abokatuek idatzi bat helarazi diote prokuradoreari azalpenak eskatuz. Erantzunak jasotzerakoan baloratuko dute zer egin.

Aipatu ere Fleuryko 2. dibisioan Ibonekin dagoen Joseba Iturbide euskal preso politikoa ere zigor ziegan sartu zela Ibonekin elkartasunez. Aste honetan atera beharko lirateke biak. Sendietan harremana mantentzeko eskubidea, bisita eskubidea, tratu txarrik ez jasotzeko eskubidea... larriki urratuak izan dira beste behin. Etxerat Elkartetik hain eskubide "arruntak" defendatzeko horren borroka gogorrak eramatera behartzen dituzten jarrera horiek ozen salatzen ditugu, eta preso dauden gure senide eta lagunen eskubideen errespetua exijitzen dugu.