Ibon Iparragirreren osasun egungo egoera eta txosten medikuak aztertu ondoren, mediku aldetik honako ondorioetara iritsi gara:

  1. Ibon Iparragirrek IHES gaitza du, 3 C estadiokoa. Beraz, gaixotasun honen estadio aurreratu batean gaude, oso larri eta sendaezina dena. Baina arazoa ez da bakarrik IHESarena: gaitz horrek neurologikoki ere eragiten dio, larriki gainera, arlo kognitiboa ukitzen duelarik. Izan ere, leukopatia eragiten dion ondorio neurologikoak ditu, gaitzak berak eragina, krisi konbultsiboak eta IHESaren dementzia koadro bat sortuz. Eragin horren ondorioz, psikosi motako jarrera oldarkorraren nahasmena nagusitu da berarengan, bere baitako errealitatearen interpretazio eta fabulazio paranoikoek bere inguruarekiko harremanetan gatazken arriskua areagotuz. Nahasmen mota honek okerrera egiteko arrisku erreala du, eta honen interpetazio okerrak neurri okerrak hartzea eragin dezake: bakartze erregimenean ezartzea, adibidez. Beraz, gaitz inmunologikoa oso larria izanik ere, afekzio neurologikoaren ondorioak ere oso larriak dira, egoera, giro eta inguru horretan jarraituz gero.
  2. Bere osasun egoera horrela izanik ere, espetxeko erizaindegian bakartua dute Ibon. Egoera horretan bere inguru hurbileneko pertsonengandik bakartua egoteak ez dio batere laguntzen. Nahasmenaren ondorioz inguruarekin duen harreman gatazkatsuak sortzen duen arriskua kontuan izanik, larrialdi une batean bakartua egoteak arazoa eta arriskua areagotu baino ez du egiten.
  3. Gaixotasunaren ondorioz, gainera, ikusmen arazoak ditu Ibonek. Orain arte, baina, ez du tratamendu gokirik jaso eta ezin du ikusmen ariketarik egin.
  4. Eta, gainera, gaixotasun mota honek inguru afektibo eta familiarraren beharra eskatzen du. Horregatik, besteak beste, ezarri zuten espetxeratze arinduaren erregimenean orain dela hiru urte eta, gure ustez, inguru horretatik urrun egoteak kaltea baino ez dio eragiten bere osasun integralean.

Gauzak horrela, eta laburbilduz, Ibon Iparragirre bizitza arrisku erreala duen paziente bat dela deritzogu. Une honetan, pairatzen duen gaitzaren larritasuna kontuan harturik, dagoen lekuan egonik eta inguruarekiko garatu duen nahasmena haintzakotzat harturik, bere inguru afektibo zein familiarrean egoteak bakarrik arindu dezake gaixotasunaren zama.