ETXERAT. Ibon Iparragirre euskal preso politikoa lekualdatu dute gaur Alcalá-Mecoko espetxera, Txagorritxuko ospitalean aurreikusita zegoen mediku-azterketa eta, baita, bere senideekin zegokion aurrez aurreko bisita egin gabe, abokatu eta bere senideek Etxerat Elkarteari ezagutzera eman dutenez. 

Joan zen asteazkenean Alcala-Mecoko espetxetik ekarri zuten Ibon, egoera larrian zegoen bere aita bisitatzera eta Ondarroako Artibai zaharren egoitzan zegoela, bere aita zendu zen. Zaballako espetxera lekualdatu zuten berehala Ibon Iparragirre. 

Etxeratetik irmoki exijitu genuen momentu horretan, Ibon Iparragirre berriz Euskal Herritik ez urruntzea. Ibon larriki gaixorik dagon presoa da, HIESA du C-3 estadioan eta horrek lesio neurologiko larriak sortu dizkio: konbultsioak, ikusmen arazoak eta memoria galera. Horrekin batera, bere familiarekin egoteko eskubidea bermatzeko kudeaketa egin zuen bere abokatuak. Aldi berean, bere osasun egoera larria ezagututa, gaur Txagorritxun mediku-azterketa egiteko hitzordua jarrita zegoen.
 
Bere ama gaur Txagorritxuko ospitalean zegoela eta semea azterketa egitera ez zutela ekartzen ikusirik, Zaballako espetxera dei egin du eta bertatik baieztatu diote Ibon Zaballako espetxean ez dela aurkitzen. 
 
Ozen salatu nahi dugu Ibon Iparragirreren aurkako eskubide urraketa nabarmen hau eta, berriro ere, Ibon Euskal Herrian gelditzea eskatzen dugu, momentu gogor hauetan bere senideekin egotea dagokiolako eta bere osasun egoera larria hobetzeko ezinbestekoa duen tratamendu duina jaso ahal izateko. 
 
Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten euskal preso politikoen egoera latza azpimarratu nahi dugu, beste behin ere. Erasoak, tratamendua ematen dietenean jasandako tratu iraingarriak, gaixotasunen larriagotzea, mediku-azterketak galaraztea… gizarteari egoera jasangaitz honen berri ematen ari gara uneoro.
 
Ez larriki gaixorik dauden presoak, ezta haien senide eta lagunak, ezta euskal gizarteak, ezin dugu itxaroten jarraitu. Egoerak behartzen duen premiarekin, eragile eta instituzioei dagozkien ardurak hartzera deia egiten diegu.