ETXERAT elkarteak Ibon Iparragirre Ondarruko presoa Basauritik Navalcarneroko espetxera atzo eraman zutela salatu nahi du. Ibon Iparragirrek gaitz larria pairatzen du eta Basauriko espetxean astebetean bi aldiz erasotu dute, apirilaren 14an eta apirilaren 20an.

ETXERATek Ibon Iparagirre preso ondarrutarra apirilaren 20an, gauean, Basauriko espetxean erasoa pairatu zuela salatu nahi du, bi ziegazainek erasotu zutelako. Apirilaren 20an, gaueko zenbaketa egiten ari zirela, bi ziegazaienek Ibonen ziegako atea ixteko behar baino denbora gehiago behar zutela ikusirik, Ibon atera eta atea berak itxi zuen. Presozainek ez zuten hau gogoko izan eta Ibonen ziegara sarturik, bakoitzak bi zartako eman zizkion, eta horren ondorioz lurrera erori zen eta ohearen aurka kolpea hartu zuen, baina ez zen zauritu.

Bestetik, apirilaren 14an ere preso arrunt batek Iboni kafesnea aurpegira bota zion eta jarraian ukabilkada eman zion. Ukabilkadaren ondorioz Ibon lurrera erori zen eta buruan zauritu zen, eta hagin bat ere zintzilik gelditu zitzaion.

Atzo, apirilaren 22an, Ibon Iparragirre Basauritik Navalcarneroko espetxera urrundu zuten eta gaur egun bertako eritegian dago, sorterritik eta senideengandik urruti. Astebetean bi eraso pairatu izan ditu eta azkenik Euskal Herritik eraman dute.

Ibon Iparragirrek gaitz larria pairatzen du eta espetxe zigorra etxean betetzen ari zen espetxealdi arinduan, baina martxoaren 7an Ertzaintzak atxilotu eta Basauriko espetxean espetxeratu zuen, eta espetxean bere egoerak okerrera egin du. Espetxea ez da Ibonen gaitza zaintzeko eta artatzeko toki egokia, baina erabaki politiko baten ondorioz martxoan Ondarruko presoa espetxeratu zuten eta orain urundu dute.

Azkenaldian, gaixorik dauden euskal presoen aurkako erasoak areagotu dira. Espainiako gobernuak itxura gogorra erakutsi nahi du eta helburu hori lortzeko egoera makalean daudenen aurka egin behar dela erabaki du, eta Josu Uribetxebarria eta Ibon Iparragirreri gertatu zaiena adibide garbia da. Ibon Iparragirrerekin gertatzen dena bereziki larria dela salatu nahi du ETXERATek.

ETXERATen ustez, honelakorik ezin da onartu, mendekuz eta krudelkeriaz ari baita jokatzen Espainiako gobernua, agian urriaren 21ean Europako giza eskubideen epaitegiak zabalduriko epaia oraindik ere mingarria zaiolako.