ETXERAT. Alcala Mecoko espetxean preso den Ibon Iparragirre erasotua izan dela jakinarazi dute azken orduetan, bai Ibon Iparragirreren senideek, zein Iparra Galdu Baik plataformak.
Etxerat Elkarteak ez du momentuz honetaz datu berririk, baina bai azpimarratu nahi dugu Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoela, HIESA du, C-3 estadioan, eta horren ondorioz pertsona zaurgarria da, are gehiago, dagokion modulua bereziki gatazkatsua eta biolentoa delako, nahiz eta bere kideengandik aldendua dagoen.
Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten euskal preso politikoen egoera latza azpimarratu nahi du Etxerat Elkarteak. Erasoak, tratu iraingarria gaixo dauden presoei tratamendua ematen dietenean, gaixotasunen larriagotzea… gizarteari behin eta berriro egoera eutsiezinaren berri ematen ari gara. Ez larriki gaixorik dauden presoak, ezta haien senideak eta lagunak, ezta euskal gizarteak, ezin dugu itxaroten jarraitu. Egoerak exigitzen duen premiarekin, eragile eta instituzioei dagozkien ardurak hartzera deia egiten diegu.