38cb7cb1-89c9-4c74-8b0b-63554c520bc1.jpg

ETXERAT. José Luis Castro Espetxe Zaintzako Epailearen ebazpenak Ibon Iparragirrek bigarren graduan jarraitu behar duela ebazten du, espetxe arautegiaren 102.2. artikuluaren menpe, eta ebazpen honen arabera Ibon Iparragirre Arrasateko Aita Menni ospitalgunera eramango dute, bere osasun egoera kontrolpean hobeki izateko. Ebazpenak adierazitakoaren ildotik, Ibon Iparragirrek defentsa maila oso murriztua du eta horren ondorioz gaixotasun oportunistek presoaren heriotza eragin dezakete, hil ala biziko egoeran dagoelako.

Hau dela eta, Etxeratek 104.4. artikulua ezar diezaioten baldintza guztiak betetzen dituela adierazi nahi du, esan nahi baita, baldintzapeko askatasuna. Artikulu hau onartuko baliote, Ibon Iparragirre etxean egongo litzateke.

Epailearen ebazpen horretan aipatzen diren forentsearen txostenek eta Madrilgo Sendagileen Elkarteko sendagile batek egindako azken txostenak, Ibon Iparragirreri ezarritako espetxe zigorra indargabetu behar dela ondorioztatzen dutela adierazi nahi du Etxeratek. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak eskaturik egindako bi txosten hauek esanikoaren arabera, Ibon espetxetik atera behar dute bere gaitzak behar duen tratamendua senideen ondoan begirunez eta berme guztiekin aplikatu diezaioten. Beraz, epailearen erabakia ikusirik, legedia ez dutela betetzen adierazi nahi dugu.

Zoritxarrez, Ibon Iparragirre euskal preso politikoaren egoera muturrekoa da. 2017Ko irailaren erdialdera egin zioten azken analitikak soilik 20 defentsa dituela erakutsi zuen, eta normalean gizaki heldu osasuntsu baten defentsak 723 eta 1124 defentsen arteko tartean egoten dira. Iparragirrek C3 faseko ihes gaitza pairatzen du, infekzioaren azken fasea, gaitzaren fase terminalean dago.

Ibon Iparragirrerekiko erabakitakoa Espetxe Erakundeko Idazkaritza eta fiskalaren txantaiaren ondorioa da eta era honetan Ondarruko presoak eta bere senideek eskaintzen zaizkien bi aukera hauen artean erabaki behar dute, alde batetik, Arrasateko Aita Menni zentruan egotea eta, bestetik, presoaren gaitza areagotzen duten baldintzak espetxean pairatzen jarraitzea. Etxeratek dikotomina honen krudelkeria salatu nahi du, Ibon Iparragirreri denbora bukatzen ari zaiolako eta, bere muturreko egoera dela eta, osasun kaltetzearen ondorio batzuk atzeraezinezkoak direlako.

Ibon Iparragirreren egoerak lehenbailehen premiazko hobekuntza behar duela garbi dago, eta horrexegatik, Espetxe Erakundeko Idazkaritza eta Fiskaltzaren jokabidea jende aurrean salatzen badugu ere, Ibon Iparragirre Arrasateko Aita Menni zentrura eramango dutela onartu beste aukerarik ez dugu. Dena den, Etxeratek lanean jarraituko du eta Ibon Iparragirre bere etxean egon dadin ahal duen guztia egiten jarraituko du.

Ibonen familiari besarkadarik handiena bidali nahi diogu, bereziki Anjelita bera amari eta anaia-arreba guztiei, baita gainerako senideei ere, beraiek pairatzen ari diren sufrimendutik oso gertu sentitzen garelako. Euskal gizarteari eta Ibonen espetxe zigorra indargabetzeko era batera edo bestera lanean eta ahaleginean aritu diren eragile politiko, sozial eta instituzioei gure esker ona helarazi nahi diegu. Eta orain arte bezala, Ibonen egoera hobetzeko lanean eta ahaleginean jarrai dezaten deia luzatu nahi diegu

Bestalde, gaitz larriak pairatzen dituzten 21euskal presoak eta beraien senideak gogoan izan nahi ditugu, une honetan espetxetik kanpo egon daitezen inoiz baino beharrezkoagoa delako. Euskal presoen eta beraien senideen eskubideak aintzat hartuak izan daitezen denok lanean jarraitu behar dugu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!