ETXERAT (2020-IX-4). Igor Gonzalez Sola Bilboko preso politikoa hilda aurkitu dute Martuteneko espetxean gaur arratsaldean. 

Lehenik eta behin, Etxerat-ek elkartasuna eta besarkada bero eta maitekorra helarazi nahi die familiakoei eta lagunei une latz hauetan.

Igor González Sola 2005ean espetxeratu zuten. Espetxean 15 urte bete zituen, eta espetxetik kanpoko laguntza psikologikoa zuen aspalditik. Aurtengo uztailean, duela bi hilabete eskas, Martuteneko espetxera eraman zuten. Sakabanatze-politikak beste biktima bat eragin du. Guztira 22 pertsona hil dira espetxean, medikuen laguntza ezaren, salbuespeneko espetxe-politikek eragindako muturreko bizi-baldintzen eta euskal preso politikoek duten presio jasanezinaren ondorioz.

Horiek dira sakabanatze-politikaren fruituak; honen alde kokatzen direnen emaitzak, aktibo iraun dezan eta urrunketa amaitu ez dadin eskatzen duten haiena. Espetxean hildakoak ditugu, urrunketaren eraginez hildakoak ditugu eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute sufrimendu honekin amaitu nahi.

Hau dela eta igande honetan, irailaren 6an, herritar guztiei dei egiten diegu Bilbon 12:00etan Sarek deitutako manifestazioan parte hartzera.

Ez dugu hildako gehiagorik nahi!