ETXERAT. Ohitura izaten da irailean udan igaro ditugun opor egunetan ateratako argazkiak begiztatzea, datorren egunetan monotonia zurrunbilotsura ohitzeko dugun lan-kargaren kezkak biltzen gaituen bitartean. Baina, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok ez dugu beta handirik udaran ateratako argazkiei erreparatzeko, ez baitugu denbora apurrik izan kamera atera eta irribarre egiteko.

Aurtengo uda gogorra izan da, latza oso. Mendekuan oinarritutako dispertsio politikak ez du jairik hartzen inoiz, eta horri aurre egin behar izan diogu beste behin senide eta lagunok. 28 urte luzez udako eguzki zein neguko hotzari aurre egiten urrun ditugun senide eta lagunak bisitatzeko. Kalkula ezinak diren bidai kopuru, urduritasun eta kilometro luzeak ditugu larruazalean tatuaturik, egungo gizarte frenetikoan oharkabean igarotzen den sufrikario isila dena.

Baina uda amaigabe honek izan du bere gertakari beltza. Egutegian egun bakarra falta zitzaion uztailan, Kepa del Hoyo galdakoztarraren arima Badajozeko espetxean itzaltzen zenaren zorigaiztoko albistea jaso genuen. Oraindik Hatortxu Rock jaialdi arrakastatsuaren emozioak digeritu gabeak genituela, morfinarik gabe jaso genuen labankada gure bihotz urratuetan. Ukaezina da dispertsio politikak eraman zuela Kepa, ez beste ezerk, eta ukaezina da Keparen senideek erakutsitako duintasuna ikusgarria izan dela, kasik kataloga ezina.

Argazkiei begira, hondartzan ibili gineneko fotografiak ditugu. Ez genuen eguzkirik hartu, gutxiago itsasoan murgildu. Dispertsio politikaren min eta ondorioak salatu genituen Euskal Herriko 16 hondartzetan, gure oporrak Cadizeko hondartzetan igaro baino, Puerto I-ko lokutorio estuetan igarotzen baititugu edo, Juan Mari Etxabarri presoaren senideen antzera, Sevillako ospitaleko itxarongelan bere osasun egoera hoberantz doan bitartean.

Elizako atarira ere iritsi zen gure aldarria; Loiolako Santutegiko ateetaraino, hain zuzen ere. Bertan egun dugun Lehendakari jaunari gure azken txostena entregatu genion eta berak okupatzen duen kargutik behar den erantzukizuna eta betebeharrak osatzeko eskakizuna helarazi genion, oraindik Keparen albisteagatik begiak umelduta genituela.

Gure udaren sinopsiak ez du inor indiferente uzten. Ez dugu uda goxorik izan eta jan egin gaitu nekeak. Ikastolako lehen egunen antzera, kostatzen ari zaigu martxa hartzea, eta are gehiago, gure ilusioa (ber)piztea. Baina are okerrago dago Izar txikia, bere ikastolako lehen egunak ingurune arrotz batean biziraun beharko baititu, mendeku goseak Sara eta Izar bere etxetik urrun nahi dituelako.

Ikasturte berriari ekiteko pilak ohi baino ahituagoak ditugu eta aurtengo erronka ez dugu makala izango. Urte honek agertoki berri bat ireki digu apirilaren 8an gizarte zibilak bultzatutako armagabetze prozesua muturreraino eraman ostean. Agertoki honek faktore eta helburu taktiko berriak ekarri ditu xake-taulara, baina, gure azken helburua urteroko bera da: preso eta iheslariak etxera ekartzea, bizirik. Euskal Herrian barrena dauden eragile politiko, sindikal eta sozialek euskal gizarteak aldarrikatzen dituen eskariei kasu egin eta lan bateratu eta uniforme bat egiteko beharraz ari gara, gatazka politiko honi behin betiko amaiera emateko herri gisa erantzun behar baitugu.

Konponbidearen trenak geltoki asko igaro ditu jada, batzuk atzerapen handiarekin pasa dira eta, besteetan, bagoi batzuk aurkako norabidean ibili dira. Hurrengo geltokia urruntzearen amaiera eta larri gaixo diren euskal presoan askatasuna ekarriko duen geltokia izan behar du, horrek du gaur egun premiarik handiena errepresaliatuen aferan. Geltoki horretara iristeko herri gisa erantzun beharreko dinamika baten atarian gaude, Akordio Sozial handi baten txapelpean joan behar duen dinamika homogeneo eta adostua. Ezin baitugu gehiago itxaron. Ez baikaude beste istripu bat jasateko prest, are gutxiago ohiko interpelazioak egin ostean hitz hutsaletan geratzen diren engaiamenduak entzuteko prest. Esperoan dispertsio politikak 16 lagun eraman baitizkigu eta beste hainbeste espetxe zein erbestean.

Badakigu geltoki horretara iristeko izerdi eta bilera asko egin beharko direla. Horretan ari da lanean Etxerat Elkartea aurreko urritik hona. Eragile politiko eta sindikal ia guztiekin bildu gara geltoki horretara ahalik eta kontsentsu handiagorekin iristeko, ez baitugu inor alboratu nahi ibilbide malkartsu honetan. Foro Sozial Iraunkorra ere ari da lan horretan; bereziki armagabetze prozesua itxia ostean. Eta baita EPPK ere, klabe eraikitzaile eta bateragarrietan emandako urrats kualitatiboaren ostean.

Europara begira ere jarriko gara, handik ere babes eta sentikortasuna jasotzen ari baikara gure egoera gupidagabea salatzen dugunean. Suitza, Alemania, Danimarka eta Suedian egon ostean, datorren ikasturtean Norvegia, Finlandia, Irlanda, Ingalaterra eta Belgika ditugu begiz jota. Estatu frantziar zein espainiarren espetxe-hormak zulatzeko herri erantzuna artikulatzeko osagaiak baditugu, kanpo interpelazioak landatzen ari gara, eta ikasturte honek horiek guztiak ondo kokatu, bateratu eta eragiteko helburua izan behar du.

Ez dugu gehiago itxaron nahi. Euskal gizarteak behin eta berriz aldarrikatu du euskal presoen gerturatzea eta larri eri diren presoen askatasuna, eta euskal gizarte hori ordezkatzen duten eragile politiko, sindikal eta sozialen betebeharra da aldarri horri men egitea, eta Etxerat Elkartetik norabide horretan lanean dihardugu. Datorren urteko irailean udako argazkiak ikuskatzean Cadizeko hondartzako irudiak ikusi nahi baititugu, nahikoa da!

Etxean eta bizirik nahi ditugu!