ETXERAT. Iker Lima Galdakaoko euskal preso politikoaren lagun batek joan zen ekainaren 24an Huelvako kartzelan bisita egin ondoren jasandako istripuaren harira, Galdakaoko Udalaren ohiko osoko bilkuran istripua salatu eta istripua jasan duenari elkartasuna adieraziz, eta euskal presoen urrunketarekin behingoz bukatzeko mozioa onartu da EAJ, EH Bildu, Galdakao Orain, Usansolo Herria eta Irabaziko zinegotzien bozkekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta PPren kontrako bozkarekin.

“Edozein zuzenbide estatu demokratikori dagokion giza-eskubideekiko begirune zorrotzarekin bat eginik, indarreko legea betetzeko benetako pausoak eman daitezela eskatu, eta horren haritik, euskal preso guztiak euskal kartzeletara hurbil ditzatela eskatzea Espetxe Erakundeari, oraingo egoerak zigor erantsia ekar ez diezaien, ez haiei ezta haien senideei ere” irakurtzen da mozioan.


Udalbatzak hartutako erabaki honen berri emateko konpromisoa hartu zen, bai Espainiako Espetxe Zuzendaritzari, Espainiako eta EAEko Arartekoei eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora erakundeari.