senideak2.jpg

ETXERAT (2019-IX-5). Euskal preso politikoen eta haien senideen eskubideen alde lan egiteagatik Entzutegi Nazionalean epaituak izango dira 47 pertsona datorren irailaren 16an. Medikuak, abokatuak, elkartasunez aritzen ziren pertsonak dira, Gobernu espainolaren oposizioaren aurrean bake prozesua aurrera eramateko konpromisoa hartu zuten pertsonak. 47 auziperatuen artean Etxerat Elkartean lan egiten zuten bi senide aurkitzen dira. Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriagari tokatu zitzaien baina gutako edozeini tokatu ahal zitzaion beraien egoeran egotea.

47ei gure elkartasuna eta burutako lanarengatik esker ona adierazteko gaude gaur hemen. Oztopoak jarri arren gure senide presoei dagokien asistentzia juridikoa irmotasunez emateagatik. Eragozpenen gainetik, gure senide gaixoak espetxez kanpoko mediku asistentzia emateagatik, espetxeko asistentzia eza konpentsatzeko. Estalitako errealitatea erakusteagatik. Eskubide urraketak eta espetxe politikaren ondorio gordinak salatzeagatik. Gure egoera Europako Parlamentura, indar politikoengana eta Europako Giza Eskubideen elkarteengana eramateagatik. Alderdi politiko, sindikatu eta erakunde guztiengana jotzeagatik. Gure senide presoak sekula bakarrik ez uzteagatik, haien eta gure eskubideak aintzat hartzeagatik eta gure egoeraz arduratzeagatik. Hori izan da beraiek eginiko lana eta hori da, eskaera fiskal handiekin, Entzutegi Nazionalera eramango dituena.

Makroepaiketa hilaren 16an hasiko da, euskal gizarteari inongo ekarpen positiborik ekartzen ez dion makroepaiketa izango da. Elkartasunaren kriminalizazioak, jazarpenak, prozesaketak eta duela 6 urtetatik 47 familiek bizi izan duten egoerak gure sufrimendu iraunkorra handitzeko besterik ez dira izan. Konponbidea, bakea, berriz ez gertatzeko ziurtasuna eta elkarbizitza lortzeko euskal gizartearen gehiengoak lana, esfortzua eta itxaropena jartzen duen bitartean honek bidean trabak jartzea suposatuko du.

Hori dela eta, euskal gizarteari, gizarte zibilari, eragile politikoei, sozialei eta sindikalei premiazko deialdia luzatzen diegu. Aurrera egiteko beharra daukagu, sufrimendua atzean uzteko beharra, etorkizunera begiratzeko beharra, eta hau egiteko eragozten dizkiguten trabak baino indartsuagoak izateko beharra daukagu, bakearen eta konponbidearen bidean gurutzatzean aurre egin ahal izateko. Horregatik, badakigu kasu honetan ere erantzuteko gai izango garela eta irailaren 14an Bilboko kaleak beteko ditugula. Aurrera egiteko unea da.

Bide batez, Etxerat Elkarteak bere elkartasun eta maitasun guztia helarazi nahi die Izaskun eta Nagoreri, eta baita gainontzeko 45 auziperatuei ere, eta datorren egunetan haien alboan egongo garela jakinarazi nahi diegu.