Gose greban bosgarren eguna dute gaur Mikel San Sebastian eta Ibai Aginagak Hodei Ijurkoren bakartzea salatzeko. Bestalde, txapeoak burutzen ari dira asteazkenero Puerto III-n Arantza Zuluetaren muturreko isolamendua salatzeko.

 

ETXERAT. Hainbat euskal preso politikoek pairatzen dituzten isolamenduak salatzeko kartzeletan burutzen diren borroka ezberdinetatik, A Lama eta Puerto IIIko presondegietakoek hartu dute garrantzia egunotan. Alde batetik, gose greban dira astelehenetik Ibai Aginaga eta Mikel San Sebastian presoak, Hodei Ijurko presoaren bakartzea dela-eta, A Lamako gainontzeko euskal preso politikoetatik aldenduta. Haren ordura arteko moduko kidearen egoera salatzeko gose greba mugagabean jartzea erabaki dute bi presoek, eta berau aurrera eramateko intentzioa berretsi dute. Herenegun odol-tentsio frogak egin zizkieten kartzelan, eta atzo azukre maila nola duten jakitekoak. Momentuz, ondo dira.

Bestalde, Arantza Zuluetaren muturreko bakartzea salatzeko txapeoak – patiora ateratzera ukatzea- burutzen ari dira asteazkenero uztailaren 1etik Puerto III-n bertako euskal preso politikoak. Gogoratu behar dugu Zuluetak isolatuta daramala kartzelaratu zuten une beretik, eta aste honetan Europako hainbat abokatuk salatu duten bezala muturreko egoera batean dagoela, “tortura txuria” bezala ezagutzen den egoera bat jasaten, eragiten dituen ondorio fisiko eta psikologikoengatik. Besteak beste, ziegatik atera orduko automatikoak dira palpazio bidezko katxeoak eta ohikoak dira ziegan modu txarrean egindako erregistroak. Ez du inolako kontakturik beste edozein presorekin. Bera bezala, antzeko egoeran da Jon Enparantza abokatua Segoviako kartzelan.