ETXERAT. Kordobako espetxean (800 km) dagoen Javi Gallaga Ruiz preso politiko lasartearraren anaiak ezin izan du bisitarik egin aurretik egiten diren miaketetan arazoak izan ondoren. Senideek honen berri eman diote Etxerat elkarteari Kordobako espetxe ataritik.

Javi Gallagaren ama eta anaia Kordobako espetxeraino joan dira bisita hori egiteko asmoz. Bisitara sartu aurretik sistematikoki egiten den erregistroan, detektagailua igaro ondoren, Javiren anaia miatua izan da. Jasandako ukituak iraingarriak izan direlakoan, ukatu egin die bertako funtzionarioei miaketa jarraitzea eta, hartatik, debekatu egin diote bisita egitea.

Espetxe legedian pertsonarekiko errespetua eta duintasuna haintzat hartzen dira miaketen araudian, baina bertako arinkeria, agindu edo barne arau-hausteak medio, umiliazio egoerak ohi baino gehiagotan gertatzen dira. Kordobako espetxean sistematikoki ezartzen den gehiegikeria izanik, euskal preso politikoen senide eta lagunak iraindu eta umiliatuak izateko etengabeko arriskuan daude.