ETXERAT (2019-X-29).  Jose Angel Otxoa de Eribe preso politiko urkabustaizarra zendu da espetxean jasandako gaixotasun luze baten ondorioz. Etxerat Elkartetik gure samina eta elkartasuna adierazten diegu bere sendia zein lagunei. 

2015. urtean adenokartzioma bat topatu zioten Jose Angeli espetxean. Urte horretarako 15 urte zeramatzan presondegian. Bere osasun egoera okertzen joan da orduzkeroztik, 2019ko ekainean metastasi orokortua zuela jakin zuen arte. Egoeraren larritasunaz jabeturik, Espetxe Zaintzako epaileak bigarren gradua eman eta baldintzapeko askatasunean utzi zuen preso arabarra.
 
Gogora ekarri nahi dugu, txosten medikuek Jose Angelen egoera larriaz ohartarazten bazuten ere, 2018ko irailean Espetxe Zaintzak gradu aldaketa ukatu zion egoerari jaramonik egin gabe. Salbuespeneko espetxe politikaren menpe egonik, presoak ez zuen inongo aukerarik izan hirugarren gradurako progesioa jaso eta, haritik, baldintzapeko askatasunean irteteko.
 
Oier Gomez gasteiztarraren heriotza gure memorian izanik, urte honetan hil den bigarren euskal preso politikoa dugu Jose Angel Otxoa de Eribe arabarra. Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten muturreko egoerak ongi adierazten du euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren ankerkeria: gradu progresioari eta askatasunei ukazioak; osasun-arreta hutsuneak; medikuen asistentzia eza eta tratamenduak jasotzeko baldintza eskasak. Egoera guzti horiekin, gaixotasun larrien jarraipena eta behar duten arreta jasotzeko oztopoak gaindiezinak dira.
 
Hogei presok osatzen dute egun gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten euskal preso politikoen zerrenda. Espetxean mantentzeak beraien gaixotasunak larriagotu eta muturrera eramatea ekartzen du, jarraipen medikurik gabe heriotzeraino eramaten dituzte.