Etxerat

Jose Mari Maruri, beti gure gogoan

gaurkoa.jpg

ETXERAT (2021-VI-27). Jose Mari Maruriren oroimenez ekitaldi xume bat gauzatu da gaur Zierbenako portuan. Lander, Mariasun, Aizeti eta gainontzeko gertukoei muxu banarekin hasi da gaurko ekitaldia.

23 urte dira, garai horretan espetxean zegoen Lander semea bisitatzera zihoala Jose Mari Maruri bidean hil zenetik, auto-istripu baten ondorioz.

Saminezko eta sufrimenduzko urte asko izan dira, eta Jose Mari maite zuten pertsonak bezala, gainerako senideek eta errepidean bizia galdu duten sakabanaketaren eta urruntzearen 16 biktimen senide eta lagunek ere sufritu dute.

Pertsona horiei aitorpen ofizial eta instituzionala eta erreparazioa nola eskaini bilatu behar da, ekimen sinbolikoetatik haratago, hala nola, errepidean hil ziren senide eta lagunak jatorriz bertakoak ziren udalerrietan berriki onartutako mozioetatik harago. Mendekua eta zigor gehigarriaren ordez giza eskubideak eta araudi arrunta nagusitu izan balira, heriotza horiek saihestu ahal izango ziren, eta, beraz, heriotza horiek ere haien lekua izan behar dute memoriaren mapan.

Jose Mari, beti egongo zara gure memorian eta bihotzetan.