ETXERAT. Presondegi ezberdinetan kartzelatuak izanik, bikote bezala izateko eskubidea duten bisitak galaraziak dira. Ekintza hauekin, euren elkarbizitza eskubidea aldarrikatzen dute.

Bi presoen senideek Etxerati jakinarazi diotenez, Fleuryn, bere bizitokitik 950 kilometrotara preso den Joseba Iturbide Otxotekok gose greba hasi zuen atzo, ekainak 28. Poitiersen, 550 kilometrotara den bere bikotekidea, Izaskun Lesaka Arguelles, bere borondatez sartu zen mitard-ean (zigor ziegan) joan den ekainaren 15ean.

Bi presondegi ezberdinetan preso egonda, eskubidez dagozkien bisitak galarazten zaizkie, eta euren komunikazioa gutunen bidalketara murrizten da. Abiatu dituzten protesta neurrien bitartez, senar-emazteek kartzela berean egotea aldarrikatzen dute.
Lesakak zein Iturbidek, behin baino gehiagotan azaldu diete euren egoera Frantziako kartzela agintariei. Irtenbiderik gabe bi urte igaro ostean, bi presoek beste pauso bat ematea erabaki dute euren eskubideak aldarrikatzeko.

Etxeratek gogorarazi nahi du bizitza eskubidea urratzen duten horrelako egoerak areagotzen dituela dispertsio politikak. Ez bakarrik bikotearen erlazioan, zeina muturreraino baldintzatzen du, baizik eta bi presoen senide eta lagunei dagokienean ere. Haien esfortzu ekonomiko eta fisikoak bikoiztu behar dituztelako presoak bisitatzeko, eta honekin batera derrigortutako desplazamenduen arriskua ere biderkatzen delako.