Kartzelako zuzendaritzak berak hots egin zion Oihana Andueza psikologoari eta ukatzearen berri eman, inolako arrazoirik eman gabe.

ETXERAT. Preso politikoen eskubideen aurkako hileko bigarren erasoa izan zen joan den ostegunean, Topaseko presondegiko zuzendariak abenduaren 17rako programatua zen Joxemi Etxeandiaren psikologoari presoa tratatzeko bisita galarazi baitiote. Gaixo den preso batez ari gara hizketan.
Kasu hauetan bi parteek (presoak zein profesionalak) eskatzen dute baimena 15 eguneko aurretiaz; presoak idatzi batez eta psikologoak fax bidez. Oraingoan, baina, era desegoki eta arbitrario batean ukatua izan da eskaera, kartzelako zuzendariak Andueza telefonoz deitu eta “berak ezetz erabaki zuelako”, hitzordurik ez zela izango esanez. Psikologoak adierazi duenez, “jarrera itxi” horren aurrean arrazoitze hori bera idatziz eskatu zion: “Ez da zilegia guri idatziz eskatzea eta hark bestela egitea”. Ezetza izan zen berriz zuzendariaren erantzuna, eta nahi bazuen kexa jartzeko esan zion psikologoari.
Ez da Topaseko kartzelak antzeko erabakirik hartzen duen lehen aldia. Ezta ere urruntzearekin soilik ez, euren oinarrizko eskubideen aurkako jarrera erasokorra ere ezaugarri duen dispertsio politika aplikatzen duen kartzela batek preso baten kontra egiten duen lehena.

Presoen osasun eskubidearen aurkako urraketa berri hau larriagoa da, gaixo den pertsona bat izanda, eta honek agerian uzten du kartzelek gure famili kideekin jolasteko darabilten bidegabekeri eta zigorgabetasuna.

Horrelako eraso batek presoen eta haien ongizateaz arduratzen garenon aurkako mendeku goseari baino ez diola erantzuten ulertzen dugu, Anduezak azaldu duen moduan, azken hitzordu horrek garrantzia handia zuelako azkena izateagatik, abenduaren 28an utziko baitu Etxeandiak kartzela, eta egoera berrirako berregokitzapen prozesuaren baitan kokatzen zen.

Etxeratetik, kartzelako horretako zuzendaritzaren jarrera aurkako gure salaketa adierazi nahi dugu, azken unera arte haien zein gure oinazea luzatzen saiatzen diren euskal preso politikoen aurkako urraketa berri honen aurrean. Nahikoa da haien eta gure bizitzekin jolasteaz.