ETXERAT. Joan den apirilean Intxaurrondo eta La Salveko komisaldegietan deklaratzeko Guardia Zibilaren bisita eta telefono deia jaso zuten 127 senideetatik, 12 senidek jaso dute azkenean zitazio judiziala, kartzelan dauden gure senideek euren defentsarako aukeratu zituzten abokatuen kontrako "Mate" deituriko operazioaren eremuan.

Hasteko, pertsona hauek euren etxeetan jaso zituzten Guardia Zibilaren bisitak – batzuk kalez jantzita – eta telefono deiak – kasu batzuetan desorduetan – izan ziren, izutzeko asmo garbiarekin. Orain, 14 dira Madrilera desplazatuz bertako epaitegi zentralean eta oraindik ezezaguna zaigun arrazoi batengatik uztailaren 7 eta 8an deklaratzera behartuak izango direnak, eta 12, orain arte aipatu zitazio judizial hori jaso duten senideak. Berariazko deskoordinazio eta inkoherentzia guzti hau euskal preso politikoen senideen aurka eramaten ari den nahasmen estrategia bat da. Inkisizio garaian gaizki deituriko "sorgin" ehiza ekartzen du gogora, gaur beste izen batez dirauena.

 Aste honetan presoen egoeraren aurkako estutze batez hitz egiten genuen. Ekintza honekin ez dugu duda izpirik, Giza Eskubideen alorrean, Etxeratek lan egiten duen alorrean, jazarpen jarraitua bizitzen ari garela. Gure egoeran eragiteko nahia duen erabateko jazarpen orokor baten aurrean gaude. Hau da 2015eko urte honen joera bilatua: higadura, beldurra eta ziurgabetasuna sortu nahi duten adierazpen, aipamen, ekintza edo salaketez hedabideak maiztasunarekin zipriztindu. Baina higatzen doan gauza bakarra, guk nahiko genukeena baino astiroago, ordea, euren gezurren irismen eta indarra da.

Zentzu horretan, berriki ospatutako Parisko Bake Konferentziari lotzen gara, zeinak entzungorrarena egiten jarraitu nahi bai, baina ezin duten bi estaturen gainetik; espainola eta frantsesa, senideek eta euskal preso politikoek bizi duten salbuespenezko egoerarekin bukatu nahi duen gizartea dagoela erakutsi duen. Konferentziak agerian utzi du preso politikoek sufritzen duten dispertsioarekin amaitu behar dela eta gatazkaren amaieran parte hartu beharra dutela. Euskal Herriko bakearen inguruko konferentziak argi esan du: Etxerat eta presoek bizitzen ari duten jazarpena ez da bidea.
Estatu espainiarrak, bakearen aurkako bidean beti, gu guztion aurkako presio eta jazarpenarekin jarraitzen du. Gure senide izaerak erasoen xede egiten gaitu, psikikoki zein ekonomikoki gu itotzea bilatuz. Era berean, xantaien helburu gara, hori baita gure senide gartzelaratuei xantaia egiteko modu zuzena. Hori ez da bakerako bidea; hori bakeari aurre ez egiteko gobernu espainiarrak hautatu duen bidea da, gure sufrimendua garaipena bezala salduz.

Bitartean, Etxeraten besoek senideak babesten jarraituko dute. Aste batzuk barru Etxeratek eta beste hainbat eragilek aurrera eramango ditugun elkartasun ekintza ezberdinak azalduko ditugu deklarazioen aurretik egingo den prentsaurreko batean. Gure elkartetik, datozen egunetan zabalduko ditugun mobilizazioekin adi egon eta hauekin bat egitera deitzen ditugu herritarrak.

Senideen jazarpen hauekin amaitu beharra dago. Aski da!!