baiona gaur.jpg

ETXERAT (2020-IX-23). Aspaldiotan, herri honetan, hamaika bider azpimarratu dugu Frantziar gobernuak euskal preso politikoen zein bake prozesuaren inguruan duen jarrera blokeatzailea. Adibide asko ditugu mahai-gaineratzeko akusazio hori benetakoa dela sinestarazteko. Adibiderik gordinena bizi arteko zigorrak dituzten presoenganako aferan kokatzen dugu. Jakes Esnalen erabakiaren eta Xistor Haranbururen audientziaren ataritan, Ion Keparekin batera 30 urte baino gehiago daramatzate espetxean 3 euskal preso politiko hauek.

Beraiek bizi duten egoera ez dago nondik eutsi: batetik, maila juridikoan, legeak aipatzen dituen irizpideak aspalditik beteak dituzte eta, aplikazio hori emanez, kalean lirateke 3 euskalerritarrak; Maila politikoan, aldiz, haien baldintzapeko eskaerak onartu dituzten epaileak badira, egungo agertoki politikoa balioan jarriz.

Baina fiskaltza antiterroristak duen blokeo sistematikoaren joera konponbiderako oztopo da. Denboran lausotzea eragiten duen fiskaltza batetaz ari gara. Urteak zakuan pilatuz doazenak eta, aspaldidanik, baldintzapeko askatasunean egon behar zirenak. Fiskaltzaren jarrera ezkorrak ez du soilik presoari eragiten, beraien senitartekoek bizi behar duten errealitatea gogortu eta estutzen du.

30 urte baino gehiago dira Jakes, Xistor eta Ion Keparen senitartekoak espetxetara bidaiatzen dutela, esperantzarako helduleku gutxirekin egonik eta, aurrera begira, amaiera datarik ikusten ez dutenak. Senideak ere bizi osoko zigor batetara kondenatuak izan dira. Humanoki, politikoki eta sozialki onartezina da muturreko egoera hau sostengatzea, eta gure kezka sakonena adierazi nahi dugu. Xantaian eta mendekuan oinarritzen ez diren soluzioak nahi ditugu, justizian oinarritutako konponbideak nahi ditugu.

Bestetik, pandemia honen erdian euskal preso politikoek eta beraien senitartekoek bizitu eta bizitzen ari direna gogora ekarri nahi dugu. Lehenago harreman afektibo eta familiarra mantentzea zaila bazen, are konplikatuagoa bilakatu da momentu honetan. Espetxeek aurreikusten dituzten neurriak bakartze eta isolamendua dira kutsatze kasu baten aurrean. Barruan egingo luketen jarraipenaren kudeaketa ezbaian jartzen dugu eta, ohiko legez, presoak eta senitartekoak dira galtzaileak. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu askatasun bide ezberdinei, baldintzapekoei bereziki, inongo oztoporik ez jartzea. Larriki gaixo diren euskal preso politikoen berehalako askatasuna ere exijitzen dugu krisi sanitario honen barruan.

Azkenik, “Contrôleur des lieux de privation de liberté” ardura zeraman Adeline Hazanek uztailan postua utzi zuenetik Frantziar estatutak ez du inor izendatu bere lekuan. Zentzu berean, “OIP” elkarteak urte batzutan bere dirulaguntzen bi herenak kendu dizkiola estatuak salatu du duela gutxi. Eskubide urraketak salatu eta kudeatzen dituzten tresnak diskretoki desagertzen ari dira. Larria iruditzen zaigu xede hori izanez gero.

Egoera hauen aurrean mobilizazioen garrantzia berebizikoa dela azpimarratu nahi dugu. Esker on hitzak ditugu pasa den larunbatean Ipar Euskal Herri osoan zehar egindako mobilizazio jendetsua dela eta. Bidea egiten jarraitu behar dugu. 2 estatuak mugiarazten jarraitu behar dugu. Urteotan bake prozesuan emandako urratsetan sakondu eta benetako bake agertoki batetara ailegatzeko indarra egin behar dugu. Horrexegatik, mobilizatu gaitezen, adibidez 25ean D-Lohitzunen. Nahikoa delako!

Etxean eta bizirik nahi eta behar ditugu!