ETXERAT. Joan den uztailaren 16an Badajozeko espetxean zegoen Kepa del Hoyo euskal preso politikoak (uztailaren 31ean zendu zen Kepa) bidalitako gutuna, bost egun geroago Meridan zigilaztu ondoren, irailaren 13an jaso zuten preso galdakaoztarraren abokatuek.

Euskal preso politikoek haien konfiantzazko abokatuen aldetik dagokien asistentzia juridikoa izateko pairatzen dituzten zailtasunak etengabe gertatzen dira eta, hori dela eta, haien eskubide urraketak amaigabeak direla agerikoa da, horren adibide Kepa del Hoyok idatzi eta igorritako gutuna iristeko atzerapenak.

Dispertsio politikak eragin du gertaera gupidagabe hau, eta Juan Mari Etxabarri preso politiko iruindarrari gertatu gisa, salbuespeneko espetxe politikak ondorio larriak eragiten ditu, baita presoen osasun egoeran ere. Osasun asistentzia bermatzeko presoek sufritzen dituzten zailtasun eta arazoek arrunta izan daitekeen ezusteko edo gertaera bat jasangaitz eta krudela izatera biderkatu dezakete, hau guztia presoen senide eta lagunentzako zigor gehitua izanik. Juan Mariren senideek azken hilabetean sufritutakoaren antzera, 2000 kilometroko bidaiak egin behar izan dituzte beraien senide presoa ospitalean bisitatzeko.

Euskal preso politikoen euren jaioterritik gertu egon ahal izateko aurkeztu dituzten helegiteei erantzunez, haien asistentzia juridiko zein osasun asistentzia bermatuak daudela argudiatzen dute behin eta berriz epaileek, helegiteei ezetza emanez. Jakinda bi hilabeteko atzerapena izan duela Kepa del Hoyok bere abokatuari idatzitako gutunak, mendeku parametroetan mantentzen ari diren urrunketa eta dispertsio politika mina eta sufrikarioa eragiteko baliatzen dutela salatu nahi du Etxerat Elkarteak.

Horregatik, ezin dugu gehiago itxaron. Premiazkoa da urrunketaren amaiera eta gaixo diren euskal preso politikoen askatasuna gauzatzea, hori da euskal gizarteak nahi duena eta denon ardura da ahalik eta lasterren hori lortzea.