Autoko martxek ez zuten obeditu, eta ke artean autoa gelditzeko tentsio handiko minutuak bizi izan zituzten atzo Torrelavega inguruan; zorionez, ez da kalte pertsonalik izan.

 

ETXERAT. Zigor Blanco (Trapagaran) eta Andoni Murga (Bilbo) preso politikoen bikoteek eta Sebas Prieto (Bilbo) presoaren bi lagunek benetako ezbeharrean buka zezakeen arazoa izan zuten atzo kotxearekin. Teixeiroko (A Coruña) kartzelara bisita egitera zihoaztela Torrelavega inguruan (Kantabria), bidaiatzen ari ziren kotxea ke ugari botatzen hasi zen ihes-hoditik. Gelditzeko saiakera egin zuten baina kotxeko martxek ez zuten obeditzen. Urduritasun handiko unea bizi izan zuten, baina azkenean kotxea geratu eta errepide bazterrean aparkatzea lortu zuten. Haatik, motorra itzaltzeko arazoak izan zituzten eta kotxetik urrundu behar izan ziren botatzen zuen ke handia zela-eta.
Ez da ezbehar pertsonalik egon, baina, beste behin, kotxea erabat hondatuta geratu da. Garabiaren zain denbora luzez egon eta gero, taxi bidez Santanderreko aireportuan beste auto bat alokatu zuten bisitak eta visa vis-ak ez galtzeko. Dagoeneko, bueltako bidaiean daude.
Urteak daramagu esaten, ez dugu hildako gehiago erantsi nahi dispertsioak eragindakoen zerrendari. Ezta istripurik ere ez. Gogaituak gaude astebururo larritasun hau bizi izateaz, estatu espainiarreko edo frantseseko edozein lekutik istripuak izan direla esaten duten deiak hartzeaz. Heriotza saihesten ari gara astebururo bisitetara goazenean, dispertsio politikaren arrisku-faktore ezaguna delako heriotza, ezaguna aplikatzen hasi zen egun beretik. Ez dugu beste heriotz bat bera ere onartuko! Aski da!