Prentsaurrekoa


Egun on eta mila esker prentsaurreko honetara gerturatu zareten guztioi.

Prentsaurrekoa, leku berezi batean deitu dugu, kotxe tailerrean, karrozerian. Hementxe baitago asteburuan Villenaraino, Alacanteraino bidaia egin zuen Mirentxin furgoneta. Tamalez, furgoneta honek ere, istripua izan zuen, dispertsioak 2014 urte honetan eragindako zortzigarren istripua pairatu zuten barruan zindoazen sei lagunek.

Furgoneta honi gertatutakoa gure egoeraren metafora lazgarria da. Ia 700 kilometrotako bidea egin ostean, espetxera iristen ari zirela, goizeko ordu txikietan, horma batekin kolpatu ziren. Ostiraletan irteten dira Mirentxineko boluntarioen furgonetak espetxeetara. Bidaiari ekiten dioten askok lana egin dute kotxea, hegazkina, itsasontzia edo furgoneta hartu aurretik. Lana, aste osoko neketsua, espetxera zehaztutako orduan iristeko beharra, tentsioa, urduritasuna… 700 kilometrotako joana, 700 kilometrotako etorria. 1400 kilometro guztira. Villenara kasu honetan. Baina 2000 Km baino gehiago dira Puerto III, Clairvaux edo Baupaume bezalako espetxeetara astero doazenak. Orduak eta orduak errepidean, kasualitatea baino kausalitatea diren istripuak.

Istripu hau uztailaren 19an gertatu zen, urteko 200. Garren egunean gertatu da. Orotara, zortzi istripu jazo dira egun horietan. Horrek, batez bestekoa beldurgarria, ankerra uzten du: dispertsioak, 25 EGUNETIK BEHIN, istripu bat eragin du espetxeetara bidean. 8 istripu 7 hilabeteetan; azken istripuan, bakarrik, 6 kolpatu egon direlarik. Orotara, aurten, 25 lagunek baino gehiagok izan dute istripua.

[widgetkit id=58]

Dispertsioak 25 urte bete ditu aurten. Samina eta sufrimenduaren urteurren honetan, dispertsioak 25 egunetik behin istripu bat eragin du. Murtzia, Castelló, Topas (bi), Badajoz eta Villabonako espetxeetara bidean gertatu dira istripu horiek. Eta nola ahaztu dispertsioak urte hauetan eragin dituen 16 hildakoak. Hauxe gure errealitatea. Hauxe tristeki, dispertsioaren aurpegia.

Ez hori bakarrik. Dispertsioak ez du etenik. Gure senideen gehienak Euskal Herritik urrunen dauden espetxeetan dituzte preso. Guztira, egun, 472 euskal preso politiko daude espetxeetan. Horietatik, 196 preso, 1.100 eta 800 kilometrotara daude espetxeratuta. Hau da, 2200 eta 1600 kilometroren arteko bidaiak egitera behartzen gaituzte. Euskal Herriko espetxeetan, ostera, 5 dira espetxean dauden euskal preso politikoak.

Azken asteetan, oihartzun handiko lerroburuak ikusi ditugu. Errealitatea ostera, oso bestelakoa da. Bi preso Mont de Marsanera mugituko zituzten, bai, baina, bitartean, beste bi, Belgikatik oso oso gertu jarri dituzte, Baupaumen. Eta beste hiru, Tarasconeraino eraman dituzte, mediterraneoan. Edo Madriletik Jaenera.

Bitartean, interes politikoak ikusi ditugu, pairatzen ditugu, gure giza eskubideen gainetik. Eskakizunak eta hitzak baina… non daude ekintzak? Noiz arte itxaron behar dugu giza eskubideen urraketa sistematiko honekin amaitzeko?

Milaka gara dispertsioaren eragina pairatu dugun euskal herritarrak. Neurriak, gainera, sufrimendua besterik ez du ekarri baina, horretaz gain, dispertsioak eskubideen urraketa bikoitza suposatzen du ere. Alde batetik, presoaren eskubideak sistematikoki urratzen direlako. Prersoak isolatu, bakartu, kolpatu, urrundu eta mediku arretarik gabe uzten dituzte. Euren eskubide guztiak ezabatzen dizkiete eta, oraindik ere, eskubide urraketa horien justifikazioa egiten dute batzuek. Senideoi, senide izateagatik zigortzen gaituzte. Zigor fisikoa, zigor psikologikoa, gizarte zigorra baita zigor ekonomikoa ere. Astebururo 1400 bat kilometro egitera behartzen gaituen zigorra.

Euskal gizarteak argi utzi du, hamaika aldiz, dispertsioarekin amaitzeko ordua dela. Eskubideak errespetatzeko garaia dela. Hori dela eta, dispertsioaren arduradunei honekin amaitu dezaten exijitzen diegu. Aski da! Dispertsioaren oraingo arduradunei, lehengo arduradunei, guztiei. Aski da! Eskubide urraketekin amaitu behar dugu.


Eskerrik asko Mirentxin gidari boluntarioak!