• Familiak horrela eskatuta, bigarren autopsiaren emaitzak ezagutu bitartean ez da lehen autopsiaren emaitzen berri emango
  • Proba batzuen emaitza ezagutzeko hainbat egun beharko dira
  • Etxeratek preso eta senideek pairatzen dituzten eskubideen urraketak biharko mobilizazioetan salatzeko deia luzatzen dio euskal gizarteari

HERNANI (20:30). Goizeko 9.00etan hasiko da, bihar, Arkaitz Bellonen autopsia Cadizeko Klinika Forentsean. Senideek,konfidantzazko abokatu eta medikuak izendatu dituzte gaur arratsaldean eta horiek izango dira biharko autopsian presente egongo direnak.

Puerto I espetxera gerturatutako abokatu, senide eta medikuek gaur arratsaldean jaso dute Arkaitz Bellonen heriotz akta. Era berean, lehen autopsiaren informea jaso dute. Oraingoz, lehen informe honen zehaztasunak ez dira publiko egingo bigarren autopsiaren emaitzak ezagutu arte, familiak horrela eskatuta. Egindako beste froga batzuen emaitza egun batzuk barru ezagutuko baitira gainera.

"Sakabanaketak gure senideak hiltzen ditu"

Etxerat elkarteak bihar antolatu diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deialdi berezia luzatu nahi dio euskal gizarteari. Kalera ateratzeko deia egiteaz gain, Arkaitz Bellonen heriotza salatu eta euskal preso eta senideek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzeko deialdi berezia zabaldu nahi dio elkarteak euskal jendarteari.

Informazio berria jaso ahala, Etxeratek helarazi egingo du.

Etxerat elkartea