ETXERAT. Basaurin preso den Aitzol Gogorzaren senideek Etxerati jakinarazi diotenez, Gogorza Basurtuko ospitalean ingresatua izan da gaur arratsaldean.

Aurretik, oso gaizki sentitzen zela komunikatu zion presoak bere sendiari. Egun batzuk zeramatzan egoera horretan eta gaur okerrera egin du, horregatik, Aitzolek berak ospitaleratua izatea eskatu du. Bertan medikatua izan da eta Basauriko espetxera eraman dute berriz.

Euskal presoak desoreka obsesibo-konpultsiboa pairatzen du sintoma psikotikoekin. Azken honekin, 24 dira espetxetik larritasunez ospitaleratua izan diren aldiak. Ordea, espetxe politikaren ezohikotasunak bere egoerari dagokion askatasuna ukatzen dio, gainontzeko euskal preso politiko gaixoei bezala.

Preso gaixoek pairatzen duten egoera anker honi amaiera jartzea premiazkoa dela deritzo Etxeratek, honek osasun eskubidea urratu eta senideen oinazea areagotzen duelako, eta haien askatasuna lortzeko lana areagotuko duela adierazi nahi du elkarteak. Era berean, gure elkartasuna eta bermea helarazi nahi diegu Aitzol Gogorzaren senideei.