Josetxo Arizkuren, larriki gaixo dagoen euskal preso politikoa, Pontevedrako A Lama espetxetik Murtziako espetxera eraman dute; metastasidun minbizia zuen beste preso politiko batek bertan jasandako asistentzia ezegokia salatu zuen bere garaian.

 

ETXERAT. Josetxo Arizkuren, Iruñeako euskal preso politikoa, Pontevedrako A Lama espetxetik Murtziako espetxera lekualdatu dute gaur. Presoen trasladoetan izaten diren baldintza txarrak zein Murtzian dauden beste euskal presoek pairatu dituzten asistentzia desegokien aurrekariak direla-eta, kezka handia sortu da senide eta gertukoengan, bere osasun egoeran izan ditzakeen ondorioengatik.

Josetxo Arizkurenek Kardiopatia Iskemiko larria dauka eta stent bat ezarria. Pasa den asteburuan, Iruñeako presoa bi aldiz ingresatu zuten espetxeko erizaindegian oxigenoa behar zuelako. Galiziako espetxean Josetxo Arizkuren mediku asistentzi egokia jasotzen ari zen, baina Murtziako espetxean beste preso eri batzuek jasaten dituzten egoerek ez dute gaixotasunaren tratamendu egokia jasoko duenik iradokitzen. Etxeratek gogoratu nahi du bere garaian Murtzian preso zegoen eta minbizia diagnostikatuta zeukan beste euskal preso politiko batek pairatutako tratu eta asistentzi ezegokia salatu zuela: azterketa mediko batean aurkitutako metastasia 6 hilabete beranduago jakinarazi zioten. Ospitaleko egonaldia eta tratamendua bereziki gogorrak izan ziren preso harentzat, aurreikusitako 18 kimioterapia saio bakoitzean eskuburdinekin lotuta egon behar izan baitzuen. Horrez gain, ebakuntza egin ziotenean bere senideek berarekin bisita egin ahal izateko zailtasun handiak pairatu zituzten.

Bestalde, bidaiari-leku oso txikietan egin behar izaten dute bidaia presoek furgoneta barruan, denbora luzez mugitzeko edo jarreraz aldatzeko ia espaziorik gabe, horrek suposatzen duen neke eta ezinegon fisikoarekin, egun hauetako beroarengatik areagotua. Astebete iraun dezakeen bidaian espetxe ezberdinetan sartzen dituzte, eta ohikoa izaten da helmugako espetxera heldu eta mediku txostena aztertu arte medikazioa bertan behera geratzea.

Josetxo Arizkurenen bikotea ere A Lamako espetxean dago. Lekualdatze honen ondorioz, eskubidez dagozkien bisitak bertan behera geratuko dira eta euren senideek bisitak egin ahal izateko Euskal Herritik 800 kilometrotara dauden espetxe ezberdinetara bidaiatzera behartuak ikusiko dira.

Etxeratek gogoratu nahi du ere, minbizia duen eta larriki gaixo dagoen Gorka Fraileri bere etxetik gertu dagoen espetxe batera lekualdatua izateko eskaera ukatu diotela berriki. Bi kasu hauek europarlamentari talde batek kaleratutako txostenari agintariek ematen dioten erantzuna ote den kezka du Etxeratek. Txosten horretan larriki gaixo dauden presoen egoeraren eta euren osasun eskubidea arriskuan dagoen kezka adierazten dute europarlamentariek.

Etxerat elkartearentzat, argi geratzen da beste behin, dispertsio politikaren benetako motorrak mendeku nahia eta preso zein senideei mina sortzeko borondate argia direla.

Azkenik, elkarteak alderdi politiko, sindikatu eta instituzioei elkarrekin lan egitera dei egiten die egungo espetxe politika bertan behera gera dadin.