ETXERAT. Ibon Iparragirreren senideek Etxerati jakinarazi diotenez, presoak erasoa jaso du Alcalá Meco kartzelako funtzionarioengandik gaur goizean.

Espetxeko zuzendari ordeak presoari erizaintzara joan behar zela esan eta gero gertatu da. Ondoren, bertako funtzionario batek gela txiki batera eraman du Iparragirre eta eskua altxatu du bere aurrean jotzeko imintzioa eginez. Horrek funtzionarioaren eskua geldiaraztera eraman du presoa. “Eskuak geldirik” izateko ohartu dio funtzionarioak presoari eta jarraian hainbat aldiz kolpatu du Iparragirre, kasu batzuetan aurpegian ere. Senideek dakitenez, oraindik erizaindegian jarraitzen du.

Ibon Iparragirreren egoera larria dela deritzo Etxeratek. Ez da lehen aldia Alcalá Mecoko funtzionarioengandik abusuak eta erasoak jasotzen dituela. Gertatutakoaren larritasunari presoa larriki gaixorik dagoela gehitu behar zaio. HIESA du, C-3 estadioan, eta gainontzeko preso gaixo larriekin gertatzen den bezala, salbuespeneko espetxe politikek blokeatuta dituzte egungo legediak barne hartzen dituen askatasun aukerak.

Senide eta lagun guztiei egoera honek eragiten dien ezinegona, segurtasun falta eta oinazea salatu nahi ditu ere Etxeratek, eta era berean, elkarteak sostengua eta elkartasuna adierazi nahi die.