ETXERAT. Gorka Fraileren aldeko herri plataformak mozioa aurkeztu du presoaren sorterrian, Durangon, eta EH Bildu zein EAJri esker aurrera atera da larriki gaixo den presoaren askatzea eskatzen duen agiria. Horrez gain, anboto.org webguneak jaso duenez, mozioak kartzela politika salatzen du ere. PSE-EEk ez du mozioa babestu eta alternatibo bat aurkeztu du. PPk, ordea, ez du moziorik babestu, eta eskumena espetxe erakundeena dela adierazi du.

Gorka Frailek (1970, Durango) Mingainaren kartzinoma epidermoideoa du, hala baieztatu zuten 2015eko martxoan egindako frogek. 2015eko ekainaren 9an interbentzio kirurgiko bat egin zioten, lesioaren erresekzioa burutuz. Egoeraren larritasuna kontuan hartuz eta gaitza lehenbailehen kontrolatzeko asmoz, Badajozeko Ospitalean tratamendu kirurjikoa burutzea erabaki zen eta horrela egin zen. Arazoak ospitalean ingresatu bezain laster suertatu ziren, zaintza poliziaren aldetik. Ospitaleratu bezain laister eskuburdinez lotua izan zuten une oro, ebakuntza burutu arte. Gauez behin eta berriz trabatu zitzaion zaintza poliziaren aldetik bere atseden eta loaldia: mehatxuak, ahotsak, oihuak, kolpeak paretean...Polizia ebakuntza-gela bertan sartu zen, ebakuntza burutu arte han egonda.