ETXERAT (2022-VI-6). Lehenik eta behin gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Jon Kepa Paroti, Jakes Esnali eta Unai Paroti, eta baita haien senide eta gertuko guztiei ere; batez ere, 32 urte baino gehiago espetxean eman ondoren, haien askatasunari buruz berriro erabakiko den une honetan.

Aieteko Bake Konferentziatik hamar urte pasatu direnean, indarkeria zikloaren amaieratik hamarkada bat pasa ostean eta Emmanuel Macron, Frantziako presidenteak, Biarritzen bake prozesuarekiko konpromisoa adierazi zuenetik hiru urtera, Ipar Euskal Herriko gizarteari iraina  eta mesprezua iruditzen zaigu Frantziako agintarien gelditasuna eta preso hauen askatasunari justiziak jartzen ari dizkion oztopoak.

Fiskaltza antiterroristaren jarrera nabarmendu nahi dugu eta kezka adierazi nahi dugu era berean, preso hauen auziak muturreraino eramateko apostua egiten ari delako. 

Nahikoa da! Etxeratek preso horien berehalako askatasuna eskatzen du, haien eskubidea delako, Frantziako justiziak behin eta berriz blokeatzen duelako eskubide hori gauzatzeko aukera, eta arrazoi humanitarioak direla medio, adinean aurrera doazelako eta espetxean hainbeste urte egotearen ondorioz preso hauen osasuna hondatu delako. 

Datorren ekainaren 11n Baionan egingo den mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu. Bakearen Artisauak eta Bake Bidean elkarteek deitu dute, eta Giza Eskubideen Ligaren babesa ere badu, «Le temps presse! Jon, Jakes, Unai gurekin!» lelopean.

 

Esnal eta Paroten ibilbide penitentziarioa

Ion Kepa Paroten kasuan, joan den maiatzaren 13an Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegian (TAPAT) egin zen baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaerarako bista. Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak argudiatu du goiz dela Ion Kepa Parot aske uzteko. 71 urte ditu, eta 32 urte baino gehiago eman ditu preso.

Hasierako hiru ukapenen ondoren, TAPAT-ek Parot baldintzapean aske uztearen alde agertu zen lehen aldia 2013ko martxoan izan zen, 22 urte preso zeramatzanean. Auzitegi bereziak baldintzak ezarri zizkion askatasunari; eskumuturreko telematikoa, Frantziako iparraldean dagoen Picardie eskualdean konfinatzea urtebetez, eta bost urtez Grand Sud-Ouestera hurbiltzeko debekua.

Orduan, ordea, fiskaltzak berehala aurkeztu zuen erabakiaren aurkako errekurtsoa, azken bederatzi urteetan mantendu den beto fiskalaren eskema bera. TAPAT-en erabakia ekainaren 15ean jakinaraziko da.

Jakes Esnali dagokionez, joan den maiatzaren 19an baldintzapeko askatasunerako egindako ikustaldiaren ondoren, ekainaren 9an ezagutuko da Parisko Apelazio Auzitegiaren erabakia.

Abenduan 72 urte beteko dituen  eta 32 urte baino gehiago espetxean igaro dituen  Esnalen baldintzapeko askatasunaren eskaerak 2018an hasi zuen ibilbidea. Bi urte geroago, haren askatasun-eskaerak lehen aldiz jaso zuen auzitegien oniritzia, baina fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen.

Ondoren, Kasazio Gorteak Ziburuko presoaren aldeko epaia eman zuen berriro, baina, bi fallo horiek askatasunaren aldekoak izan arren, terrorismoaren aurkako fiskaltzak argudiatu zuen ez zuela Ebaluazio Zentro Nazionalaren (CNE) irizpenik. Atzerapen-maniobra bat, 2022ko martxoan Gorenak erakunde horrek erabakia hartzea ezinbestekoa ez zela ebatzi zuenean egiaztatu zen bezala, nahikoa baita Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeak (CPMS) hori egitea.

CPMSk 2020an eman zuen Esnalen askatasunaren aldeko irizpena, baina maiatzaren 19ko ikustaldian, berriz ere eskatu zen batzorde horri iritzia eskatzea. Beste oztopo bat, defentsaren arabera, prozesua beste urtebetez atzeratu dezakeena.

Labirinto juridiko honen gauzarik lotsagarriena da CPMSren aldeko txostena izan zela 2020ko maiatzean TAPek baldintzapeko askatasunari oniritzia emateko aukera eman zion elementua, baina Jakes Esnalek ez zuen espetxea utzi, Fiskaltzak berehala errekurritu baitzuen, eta prozedura eten egin zen.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!