ETXERAT. Loiolan urtero egiten duen kontzentrazioa burutu zuen Etxeratek joan den abuztuaren 1ean. Hitzordu bera Lehendakaria agurtu eta dispertsio politikaren ondorioen inguruko txosten bat emateko baliatzen du elkarteak, baina aurten ez da horrela izan. Azken unean Lehendakariak ez zituela hartuko jakinarazi zioten elkarteari, eta haren ordez idazkari batek hartu zuen txostena. Aitzitik, Azpeitiko alkatea den Eneko Etxeberria senide eta lagunen kontzentraziora batu zen eta informeaz galdegin zuen. Bukaeran, Naike Diez, elkarteko kideak, adierazpenak egin zituen komunikabideen aurrean, eta Urkulluren jarrera salatu zuen:

"Urtero bezala etorri gara, aspalditik egiten dugun bezala, dispertsioaren ondorioen inguruko txosten bat ematera Lehendakariari. Zoritxarrez, aurten ere hemen egoteak oinazearen ezabatzean eta bakean gutxi aurreratu dugula esan nahi du.
27 urtez aktibo dirauen salbuespeneko kartzela politika baten ondorioak ezagutuak izan daitezen lanean jarraituko du Etxeratek, eta Lehendakaritza honi milaka pertsonen oinazeari amaiera emateko determinazioa eskatzeko. Pertsona horien artean daude adin txikikoak. Dispertsio politikari, eta beraz, sufrimenduari lotutako haur eta nerabeak.

Hori da aurten Lehendakariari genekarkion informazioa: dispertsioaren ondorioak haurren eta nerabeen gainean, horren inguruko txosten bat. Erakundeen aldetik sufritzen duten babesgabetasun osoa salatzen duen txostena. Kartzela politikaren alderdirik ilunenaz mintzo den txostena.


Gai honekin, beste hainbatetan zuzendu gatzaizkie erakundeei, eta Lehendakariari esan nahi genion gaur, eragindako umeen eta nerabeen egoera kontuan hartu eta euren eskubideen alde egitea baztertu duten alderdien artean Bizkaiko EAJ dagoela, trukean baldintzak eskatuz. Bere alderdiaren jarrera horren inguruan Lehendakariak zer iritzi duen jakitea gustatuko litzaiguke, baina ez digu aukerarik eman. Azken unean harrerarik ez zigula egingo jakinarazi digute. Lehendabiziko aldia da hori gertatzen dela. Oso larritzat jotzen dugu hori. Senide eta lagunei zein Etxeratek Giza Eskubideen gainean egiten duen lanari bizkarra eman diolako jarrera horrekin.

Aurrerago, euskal gizarteari aurkeztuko diogu txosten hau, eragile politikoei, sozial, sindikal eta erakundeei... egoeraren larritasuna gizarte osoaren aurrean aurkeztu behar delakoan gaude, eta horrelako gai konprometituan erakunde, indar politiko eta eragile ezberdinek zer nolako jarrera hartzen duten jakitea gizartearen eskubidekoa dela".