ETXERAT (2020-IV-15). Espetxe-erakundeek Frantzia eta Españako kartzeletan pandemia ez zabaltzeko modu irmoan hartutako neurri bakarra ohiko eta ezohiko komunikazioak etetea izan da.

Etxerat Elkarteak neurri honen aurrean alternatibarik ez izatea zalantzan jartzen du. Presoen senide eta lagunek helarazitako informazioaren haritik, kontaktua mantentzeko Espainiako eta Frantziako Estatuetako 55 espetxeetan (emakumentzako 9 modulu eta amentzako 2 modulu izanik) ezarritako neurriak nahikoak ez direla baiezta dezakegu.

Kasu gutxi batzuetan izan ezik, presoei ez zaie bideo-deiak egiteko aukeraren berri eman, haien senide eta lagunen bitartez jakin behar izan dute. WhatsApp plataformaren bitartez 10-15 minutuko bideo-deiak egin izan dira ondorengo espetxeetan: Almeria, Caceres, Castelló emakumeak, Granada (ezohiko egoeretan: heriotzak, etab.), Herrera, Jaen, Logroño emakumeak (baimendua), Murcia I (orain hastear), Ocaña I, Puerto III, Villabona (gizonezkoak eta ezohiko egoeretan), Teruel, Villena eta Zaballa.

Bestalde, presoei ez zaie salneurri murrizketarik ezarri; astean zehar egiten diren dei kopurua igota eta ekonomikoki gastua areagotuz, Etxeratetik prezioen murrizketa proposatzen dugu horren aurrean. Korrespondentziari dagokienez, Correos-ek ezarritako neurriak kontutan hartu beharko diren arren, ia 20 espetxeetara ez dira gutunak iristen. Aipatzekoa da Ña Santén ematen ari den arazoa, bai posta jasotzean zein telefono deiak egitean.

Baliabide materialak badira preso dauden pertsonek bideo-deiak egin ahal izateko, inongo gastu ekonomikorik suposatu gabe. Borondatea eta funtzionamendurako zentzuzko jarraibide argiak besterik ez dira behar horretarako, beharrezko neurria litzateke hau, espetxe barruko bizia minimoetan dagoela kontutan hartu behar delako; ez baitaude komunikazioak, ez tailerrik ezta ekintzarik ere.

Beldurra eta ezjakintasuna sortzen duen egoera honetan, preso dauden pertsonentzat are gogorragoa da, eta gainera gaixorik dauden pertsonen osasunak (presoarena edo bere senidearena) eta pekulorik ez duten pertsonak lehentasuna dutela jakinda, zergatik ukatzen zaie haien senideekin ikusizko komunikazioa edukitzeko aukera?

Dei arrunt baten eta bideo-dei baten arteko ezberdintasuna argia da, batez ere adin txikiko seme edo alabei, adin nagusiko gurasoei, arazo psikologikoak dituzten pertsonei, animikoki gaizki dauden pertsonei edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei egin behar badizkiete.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!