114a71fc-d398-4c6d-b4a4-4e684345ca34.jpg

ETXERAT (2019-VIII-1). Iaz, beste urte batzuetan bezala, gaur aurkitzen garen leku eta egun berean, Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanori eta Eusko Legebiltzarreko lehendakaria den Bakartxo Tejeriari Iñigo Urkullu Lehendakariari zuzendutako eskutitz bat eman genien. Eskutitz horretan gure egoera azaldu genion, duela 30 urtetatik hona euskal presoen senide eta lagunok bizitzen dugun egoera, 2011ako urriaren 20tik inolako aldaketarik izan ez duen egoera bakarra, testuinguru berria egon arren, testuinguru zaharretan bezala mantentzen den egoera bakarra eta aldi berean, Urkulluri gure Elkartearekin bilera bat egitea eskatu genion.

Lehendakariak ez du eskutitz hura hartu izana adierazi eta gure eskaerarekin ez ikusiarena egin du. Adierazi nahi izan genion egoerari aurre ez egitea nahiago izan du, dispertsio politikak eta urrunketak eragin dituen ondorioak, mina eta biktimak oso ondo ezagutzen dituela dakigun arren. Hori dela eta, gaur egungo espetxe politikaren kaltetuen egoerari behingoz konponbide bat emateko eskatzen diogu, kaltetu hauek 4.000 euskal herritar baino gehiago baitira eta haien artean, hainbat haur eta adingabekoak.

Lehendakaria izanik, milaka euskal herritar hauekiko duen ardura gogorarazi nahi diogu, gaur egun gatazkaren ondorioak jasaten dituzten bakarrak dira herritar hauek eta honen behin betiko konponbidean guztiok inplikatzea ezinbestekoa da.

Eskutitz hori eman genuenetik 9 euskal preso politikoen 16 senideek kotxe istripuak izan dituzte espetxera bidean. Salbuespen espetxe politikak inposatutako bidaiak dira, eta inposatutako arriskua da ere. Bakeari eta bizikidetzari ekarpenak egiteko garaian, espetxe politika hau euskal gizartearentzat oztoporik handiena da, gainera ez dakigu ez zeini ez nola ekartzen dizkion onurak baina badakigu nor den kaltetua eta honek eragiten duen sufrimendua.

Irailaren 16an burutuko den epaiketan jarri nahi dugu ere arreta, bake prozesu batean trabak eta oztopoak jartzea zein erreza den erakusten diguna. 47 euskal herritar epaituak izango dira; gure senide presoei osasun asistentzia eta asistentzia juridikoa emateagatik, giza eskubideen alde eta gatazkari konponbidea emateko lana egiteagatik, senideak izateagatik edo elkartasuna adierazteagatik. Badakigu arrazoi hauengatik ez zaiela epaitzen, logikoki, hori ezin dutelako egin, baina “dena ETA da” lelopean herritarrak atxilotzea oso erraza da.

Gutako bi, bi senide, Euskal Herrian eta hemendik kanpo eragile politikoekin, sindikalekin eta sozialekin, instituzioekin (haien artean Eusko Jaurlaritzarekin), Giza Eskubideen erakundeekin eta komunikabideekin izandako bileretan, topaketetan eta elkarrizketetan Etxerat elkarteko bozeramaile izateagatik epaituak izango dira.Eginkizun hauek beti jakinarazi eta publikoak izan diren arren.

Lan egitea, euskal preso politikoez arduratzea, hauen senideei arreta ematea, pertsona guztien giza eskubideak defendatzea eta konponbidearekin konpromisoa hartzea edozein bake prozesuetan zaila izango da, seguruenik, baina Euskal Herrian zaila izateaz gain, arriskutsua izan daiteke. Hori dela eta, 16an epaituak izango diren 47 euskal herritarrei gure elkartasun eta laguntza guztia eskaini nahi diegu, batez ere gure bi kideei: Izaskun Abaigar eta Nagore López de Luzuriagari. Baita haien senideei ere, garai berri hauetan, testuinguru zaharreko larritasuna bizi duten 47 familiei.

Helarazi nahi diegun elkartasuna eta laguntza ez da eduki eta ibilbiderik gabekoa. Lan egiten jarraitzearen konpromisoa da eta hau egitearen eskubidea defendatzearena. Bakeari eta bizikidetzari ekarpenak egiteko lanean jarraituko dugu, konponbiderako eta baita etorkizunerako ere: gertatutakoa berriz ere gerta ez dadin.