ETXERAT (2023-I-31). Kinkea promozio berrietarako artelanen aurkezpena egin dugu Bilboko La Bolsan. Etxerat elkartearen jarduera finantzatzeko laguntza lortzen dugu Kinkea promozioen bitartez. 2023ko promoziotarako artelanak, Maitane Azurmendi marrazkigileak eginikoak dira. 

Hainbat artisten eskuzabaltasunari esker lortu ditugu 2018 urtearen geroztik Kinkea promozioak errealitatea bihurtzea.

Gure esker ona adierazi nahi diegu Javier Etayo, Zigor Merodio, Oier Andueza, Dora Salazar, Irantzu Lekue, Erramun Mendibe Landa, Marian Aranburu artistei; baita ere Joseba Sarrionaindia idazleari; Ikor Kotx eta Joxe Lacalle argazkilariei; Arantza Eziolaza irudigileari eta gaur Maitane Azurmendi marrazkilari bizkaitarrari. Maitanek egin ditu aurtengo kinke berezi hauek Etxerat elkartearen promozioetan salduko direnak.

Artista horiek guztiek eskuzabaltasunez eta elkartasunez eskaini digute haien obra, guk ekimen solidario bihur dezagun. Espero dugu berandu baino lehen ez dela beharrezkoa izango Euskal Herri osoan elkartasunaren truke banatzen ari garen bezalako lanak eskatzea. Preso eta erbesteratuen gabeko Euskal Herrian izango da hori. 

2023. urtean lau promozio egiteko asmoa du Etxerat Elkarteak, eta kinkea promozio bakoitzeko 20.000 artelan salduko dira. Artelanak, Maitane Azurmendi marrazkigileak eginikoak dira. Lehenbiziko promozioan, udaberriko promozioa alegia, "Kanpotik” izeneko irudia banatuko dugu. Udako promoziorako "Errepidetik" titulua duen artelana banatuko da. Ondoren, udazkeneko promozioari dagokion ilustrazioa “Barrutik” titulupekoa izango da eta, laugarren promoziorako, "Bihotzetik" lana banatuko dugu.

25€ren truke ilustrazioa jasoko duen bakoitzak, zozketa baten parte hartzeko boleto bat jasoko du. Zozketak notarioaren aurrean, aplikazio informatiko baten bitartez gauzatuko dira martxoaren 21ean, ekainaren 21ean, irailaren 21ean eta abenduaren 21ean. Banatutako boleto guztiak sartuko dira zozketa hoietan. Zozketa bakoitzean 20.000 €ko sari bat, 5.000 €ko 3 sari, 1.000 € 15sari, 500€ 20 sari etat 100 €ko 100 sari zozketatuko dira. Informazio gehiago eta promozioaren oinarriak kinkea.eus en jaso ditzakezu.