Elkartasun furgoneta hauek sortu zirenetik 16 urte igaro dira, eta dispertsioa salatzeko martxa iragarri zuen Mirentxinek Etxeratekin batera eskaini zuen kartzeletarako bidaien inguruko asistentzia ardatz izan zuen hitzaldian, Gasteizen.

DSC 0417

 

ETXERAT. Datorren maiatzean ibilgailu “handiez” osatutako karabana martxa batek errepideak hartuko ditu dispertsioaren behin betiko amaiera eskatzeko, horri egiten baitiote aurre asteburuz asteburu. “Arreta deitu behar dugu egoera honi amaiera emateko”. Ekimenak elkartasun uholdea omenduko du baita ere.

Mirentxinek zein Etxeratek eskaintzen duten asistentziaren inguruan Gasteizen egindako hitzaldian Joseba Astarlozak (Mirentxineko gidaria) iragarri bezala, “Helburua, euskal preso politiko bakoitzeko tamaina handiko kotxe bana lortzea da, herri honetan bizi dugun egoera ezagutzera emateko”. Ibilbidea Larrabetzu-Bilbo-Larrabetzu izango da, eta bukaeran jai bat ospatuko da herri horretan.

Hilabete hasieran, Etxeratek eta Mirentxinek kartzeletara bidaiatzera derrigortuta dauden senide eta lagunei bermatzen dieten asistentziaren inguruan jardun zuen hitzaldia hartu zuen Gasteizko Elkartasun Guneak. Patrizia Belezek hitz egin zuen Etxeraten izenean, eta Joseba Astarlozak Mirentxinen ordez.

Etxerat oraindik ezagutu edo kokatzen ez dutenentzat elkartearen aurkezpen labur bat egin zuen Belezek: “Euskal preso politikoen senide eta lagunen elkartea da Etxerat. Bertan, asistentzia, aholkularitza eta konpainia topatu daiteke, kartzela, sakabanatzea, deserria edota deportazioa bezalako egoera gogorrak hobeto eramateko”.

Elkarteko kideak azaldu zuenez, gaitz berdina pairatzen duten pertsona ezberdinen kontakizunak ulertuak eta partekatuak izango diren espazioa ere bada Etxerat. Presoek zein euren senideek ere sufritzen dituzten eskubide urraketak salatzen diren bilgunea. Zentzu honetan, senide eta hurbilekoen “manipulazioa” nabarmendu zuen Belezek, xantai, presio eta mendeku helburuarekin erabiliak direlako, eta bere leloan laburbildu zuen elkartearen azken xedea: “Etxean eta bizirik nahi ditugu”.

Asistentziari dagokionean, Etxerat eta Mirentxinen artean elkar banatzen da lana. Lehenengoan, bitan banatzen da: frantziar estatuko asistentzia eta espainiar estatukoa. Frantzian topatzen dugun lehen traba hizkuntzarena da. Atxilotzearen lehendabiziko tentsio uneetan, kartzela bisiten baimenez arduratzen da Etxerat. Horrez gain, iristen den kartzeletako ibilbideen inguruko informazioa ematen du, baita ostatuen ingurukoa.

Frantzian, presoen kopuru handi bat Parisen eta  prebentziozko kartzela egoeran* dagoela informatu zuen Belezek. Halere, nahiz eta kartzela berean euskal preso politiko bat baino gehiago egon, oso zaila da senide ezberdinen bisitek bat egitea, horrela elkarrekin bidaia dezaten, nekea eta dirua aurreztuz. Hori dela-eta, lehen autobus bat zegoen, baina orain bertako senideek garraio publikoak erabiltzen dituzte gehiago. “Baina garraio publikoak ez doaz zuzenean kartzeletaraino”, zehaztu zuen Etxerateko kideak, “eta horrek garraio-aldaketa ugari suposatzen du“, baita ordutegiak bat egiten saiatzea. Kasu horietan Etxerat martxan jartzen da, tren edo autobus baten atzerapenagatik orduan iristea posible ez bada: espetxera deitu eta gertatutakoa azalduz bisita egunez aldatzen saiatzen da. Estatu frantseseko beste oztopo bat izaten da bisitak lan astegunean ere ezartzen direla.

Behin presoa kondenatuta – guztiak ez dira – beste kartzela batzuetara dira urrunduak, baina hauetan bisitak ez dira Espainiako kartzeletakoak bezalakoak, non ordu eta erdiko bisak dauden edo 40 minutuko lokutorio arteko elkarrizketak. Hori Mirentxinekin konpontzen da, furgonetak ostiralean ateratzen baitira, larunbatean han geratzen dira, eta igandean bueltatu, azken bisita bukatu bezain pronto. Estatu frantsesean, presoak behin kondenatuta, asteburukoaz gain, astean zeharreko bisita aukera dute, beraz Mirentxinen aukerak ez du guztiz asebetetzen, “senide bezala gure hurbilekoa ahalik eta egun gehienetan bisitatzen saiatuko baikara, ez soilik egun batean”.

Haatik, beharrezkoa izan den kasu puntualetan (demagun, pertsona bati ezinezkoa bazaio kartzela batera bidaiatzea), Etxeraten eta Mirentxinen elkartasunari esker, beste bisitetarako ordu gehigarriak sakrifikatu eta kartzela horretara joatera konprometitu izan dira. “Baina ez da erraza Frantziarako furgoneta bat ateratzea” – aitortu zuen Belezek – ez da espainiar estatuan bezala”.

 

Asistentzia lehen unetik
Espainiar estatuan -Patrizia Belezen lan eremua-, nagusiki kartzeletarako bidaiak antolatzen dira Mirentxinek lagunduta. Andaluziarako autobusa ere Etxeratek kudeatzen du. Etxeraten lan jardun handi bat etengabeko presoen lekualdatzeetatik dator: “Kartzela bakoitzean dauden presoen plantillak ditugu, baita haien senideen kontaktuena, kartzelan ezartzen zaizkion datuak, etab. Horrela presoa kartzelara iritsi baino lehen beharrezkoa den informazio guztia dugu, “presondegi horretan arnasten den giroarena ere”.

Belezek zehaztu legez, “Aholkularitza atxilotze unetik bertatik ematen da”. Adibidez, presoa zein kartzelara eramana izan daitekeen aurreikuspena, ze pakete klase sartu daitezkeen, nolakoak dira lehendabiziko bisitak... “hor egoten gara”. Lekualdatzeetan sortzen den lehendabiziko galderetariko bat, “Furgoneta dago?”, izaten da.

Une honetan 301 preso daude estatu espainiarreko 45 kartzelatan, eta 86 preso Frantziako 27 kartzelatan urrunduta. “EzinezkoaDSC 0414 zaigu denetara heltzea”, tamaldu zen Belez. Eta 9 furgonetekin 17 kartzeletara heltzen direla azaldu zuen. Puntualki, gainera, laguntza eskatu izan zaienean beste hiru kartzeletara heldu izan dira. “Pertsona bat kartzela berean preso duten senideen eskaerak dira normalki heltzen zaizkigunak, senide horiek antolatu eta furgoneta bat elkarrekin konpartitzea erabaki eta eskatu egiten digute. Gu haiekin bildu eta hilean behin behintzat guztien bisita bat elkarrekin koadratzea eskatzen diegu”. Askotan ez da lortzen, furgoneta erabiltzeak bi gau kanpoan ematea suposatzen baitu, eta laneko egoera edo egoera pertsonalengatik denek ezin dute etxetik kanpo bi gau eman. Kasu horietan, Etxeratek whatsapp talde bat sortzen du, senideak eurak elkarren artean hitz egin dezaten eta aukera dagoenean bidaia konpartitu dezaten. “Horrek asko arindu du lana eta eraginkorrago bilakatu informazio trukaketa“; eredu hori kartzela guztietan kopiatu da. “Nik egiten dudana erabiltzaileen zerrendak Mirentxini zein irteera horri dagokion whatsapp taldeari bidaltzea da. Horrela haiek informazioa zuzena den ala ez egiaztatzen dute. Horrek asistentziako arazoak zuzendu eta sortu daitezkeen arazoak aurreikustea ekarri digu”. Furgoneta bakoitza gutxienez lau pertsonekin ateratzen da, eta gehienez zazpi pertsona gehi bi gidariak.

Asistentziako egunerokoa furgonetako hutsuneak bete eta apuntatzean datza. Batzuetan zaila izaten da bisitak furgonetekin bat egitea, baina aurreikuspenarekin eta bereziki, elkartasunari esker, horri aurre egitea lortzen da: “Batzuetan furgoneta batek erantzun ditzakeen baino eskaera gehiago ditu, eta pertsona bat edo bik ezin dute bidaiatu. Kasu horietan, mezu bat idazten diot taldeari eta bi aukera planteatzen ditugu: furgoneta bat lortzen saiatu eta Mirentxinek beste bi gidari jartzea, edo bestela, kotxe bat ateratzen saiatu bidaiarien bisita orduak bat etorrita”.

 


Elkartasun furgonetak
Horretara dedikatzen da nagusiki Etxerateko asistentzia saila, Mirentxin errealizazioaz arduratzen delarik. “Mirentxin behar batengatik jaio zen”, azaldu zuen Joseba Astalozak, “bisitetara euren kabuz iritsi ezin diren senideak laguntzeko”. Gutxi barru, beste furgoneta bat gehituko diote egun dituzten bederatziei.

Mirentxinen gidatzea “nahiko neketsua” dela aitortu zuen Astarlozak, hainbeste ordu bolantearen aurrean. “Ez dira oporrak”, ohartarazi zuen, “pertsona asko eramaten dituzu atzean”. Bataz beste 1600-2000 kilometro egiten dituzte. Horrez gain ekimenak duen “edertasuna” nabarmendu zuen, nahiz eta Etxeratek bezala, elkarte honek bilatzen duena gehiago bidaiatu behar ez izatea den.

Mirentxin 11 taldez osatua dago, eta kartzela ezberdinetako bidaietan zatitzen dira era berean talde hauek. Badira hilabetemirentxin oso batean zehar bidai berdinak egiten dituztenak. Beste batzuek ordea, bi astez behin ibilbide ezberdinak egiten dituzte. Duela urte batzuekin alderatuta, egun furgonetan bidaiatzearen “erosotasuna” nabarmendu zuen Astarlozak, ez soilik senide eta lagunentzat bakarrik, gidarientzat ere: “Lehen pixkat ezegonkorra zen egoera, furgonetan lo egiten genuen ere”. Haatik, ordu zehatz batean bisita batera heldu behar diren pertsonez betetako furgoneta bat eramateak dakarren ardura azpimarratu zuen.

Mirentxinek erosten dituen furgonetak mantentzeko, talde bakoitzak boleto, kamiseta eta material ezberdina saltzeko lana du. Ibilgailuak lau urtez behin aldatzeko eman behar dute salmentek, bidaiatzen dituzten kilometro andanagatik: “Denbora gutxi da furgoneta batek balio duenerako, egia esan”. Beste gastu handi bat furgoneten azterketa egoki eta konponketetatik dator: “Furgonetak astero begiratzen dira”.

Horrez gain, Mirentxinek ere denbora inbertitzen du bidaien prestakuntzan, eguraldi ezberdinen aurrean jarraitu beharreko protokoloak errepasatuz, esaterako.

Altruismoa eta malabarismoa. Etxerat eta Mirentxinek lan egiten duten bi osagai dira. Elkartasuna eta ehoziri-lana matxuratutako furgonetak konpondu eta bisitetara garaiz iristeko: “Lagunak izaten ditugu zonalde ezberdinetan matxura bat ematen bada-edo, kasu horietan beraiekin konpondu izan dugu edo kotxe bat alokatzen da. Bestela, Andaluziako autobusak pertsona horiek jaso ditzakeen begiratzen da”, aitortu zuen Belezek. Mirentxineko gidariak egun batean soilik ez daudela zehaztu zuen Belezek ere, urte osoan zehar hor egoteaz kezkatzen dira, beharrezkoa denean laguntzeko prest daude.

Talde honek ere urritasuna du giza baliabideei dagokionean, gidari izateko pertsona oso gutxi apuntatzen baita, batez ere gazte oso gutxi: “Azkenean ez da hainbesterako, asteburu bakarra da urtean zehar”.

Bukatzeko, bidaiatzeko era oso segurua dela ziurtatu zuen, “Gure familia izango balitz bezala eramaten ditugu bidaiariak”, eta Mirentxin erabiltzera animatu zuen jendea. “Kartzela guztietara heltzea gustatuko litzaiguke”.

 

 

*Prebentziozko kartzela egoera: euskal preso politikoei sakabanaketa aplikatzen zaie atxilotuak diren unetik bertatik, beraz, urteak eman daitezke epaitu arte, baina era berean urrunduak dira.