ETXERAT (2019-I-31) Oier Gómez Mielgoren heriotza espetxean zegoelarik antzemandako gaixotasun larri baten ondorioa izan dela kontutan harturik, gaur goizean Gasteizko udaletxeak mozio bat onartu du, gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten 21 euskal presoen kaleratzea eskatuz. Mozioa onartua izan da Bildu, EAJ, Irabazi eta Podemosen baiezko botoekin; PSE eta PP-k aldiz, ezetz bozkatu dute.

Sare Herritarrak aurkeztutako testuan, Oier Gomezen senide eta lagunekiko elkartasuna eta babesa adierazten da eta espetxean egoteak ezinezkoa bihurtu zuela Oierrek behar zuen zaintza, senideen eta lagunen babesa eta konfiantzazko medikuen asistentzia jasotzea aipatzen du. Aldi berean, edozein pertsonak bezala, larriki gaixorik dauden presoek ere haien gaixotasuna gainditu ahal izateko baldintzarik onenak jasotzeko eskubidea dutela azpimarratzen du eta presoari kaleratzeko eskubidea ukatzeak heriotza zigorrera kondenatzera suposatzen duela.

Onartutako testuak Gasteizko udaletxearen konpromisoa biltzen du “Gasteizko udaletxeak hitz ematen du aktiboki lan egingo duela Oier Gomezen kasua bezalakoak errepika ez daitezen. Gaur egun 21 dira Oierrek espetxean bizi izan zituen baldintza berdinetan dauden euskal preso politikoak. Gasteizko udaletxeak aginte judizialei egoera hau aztertzeko eta neurri egokiak ezartzeko eskatzen die, hala nola, preso hauen kaleratzea, higadura fisiko eta psikikoa ekiditeko”.

Etxerat elkarteak gogorarazi nahi du Oier Gomezi Hodgkinen linfoma diagnostikatu ziotela orain dela 7 urte (2012an) eta ondoren (2017ko urtarrilean) Edwin sarkoma eta metastasia.. Denboraldi horretan, bere egoera oso zaila izan zen tratamendua jasotzen zuenean bizitako baldintza ankerren ondorioz eta baita ospitalera eta kontsultetara joan ahal izateko lekualdaketetan pairatutako baldintza gogorrengatik ere. Bere kaleratzea, kondena etenduraren ondorioz, 2017.urteko apirila arte ez zen gauzatu, medikuek bere bizi-itxaropena 6 hilabetekoa zela baieztatu arte. Kaleratua izan arren, Oier Gómez ezin izan zen Gasteizera itzuli, Baionan jaso zuen medikuen asistentzia, bertan bizi izan zelarik hil arte, pasa den urtarrilaren 27 arte.