parisera AVERHAU.jpg

ETXERAT. Etxerat Elkarteak deialdia luzatzen dio euskal gizarteari datorren abenduaren 9an, Bakearen Artisauek deituta, Parisen egitekoa den manifestaldian parte hartzeko.

Goiburu oso konkretu bat dauka mobilizazio honek: “Denok gara bakegileak. Orain, presoak!”. Ez da beraz manifestazio bat gehiago, Etxerat Elkartetik diogun bezala, gizartearen aktibazioa, herriaren aktibazioa ezinbestekoa da presoak Euskal Herriratzeko eta salbuespeneko neurriak desaktibatzeko. Benetako bakea eta konponbidea lortzeko ekinbide indartsua da Parisko mobilizazioa, Frantziar Estatuko espetxe-politikaren zimenduak mugiarazi dezakeena.

Presoen aldeko euskal gizartearen bultzada eta babesa  ezinbestekoa da momentu garrantzitsu honetan eta Parisen hartzen joango diren erabakiek, eta manifestaldiak berak, beren ondorioa izan beharko dute Madrilen ere. Horregatik azpimarratzen dugu Parisen egingo den mobilizazioa garrantzitsua dela, behin betiko bakerantz urrats erabakigarria ematearen bidean.

Bitartean, frantziar Estatuko kartzeletan sakabanaturik eta urrunduta dauden euskal presoen Euskal Herrira hurbiltzea,  eta gaixotasun larriak dituztenen eta baldintzapekoa aplika daitezkenen askatasuna behingoz lortzeko xedearekin, Espetxe Martxa burutzen ari gara Frantziar Estatuan eta biderkatzen ari dira eragile politiko eta sozialekin izandako harremanak zein frantziar komunikabideen interesa.

Etxerat, Bagoaz eta Sarek burututako Espetxe Bira,  Frantziako 20 espetxe eta 8 hiri igaroko dituenak, abenduaren 9an bere harrera izango du Pariseko Montparnasse geltokian, goizeko 12:00etan, eta ondoren, “Orain presoak” lelopeko manifestazioa abiatuko da Parisko bihotzean. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senide eta lagunak bertan izango gara.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!