ETXERAT (2022-III-15). Atristain auziko jurisprudentzia oinarri hartuta absolbitu du Auzitegi Nazionalak oraingoan Gorka Palacios preso politiko durangarra.

Euskal preso eta senideontzat nolabaiteko garrantzia du epai horrrek. Ontzat ematen da bi atxilotuk (Egues eta Garcia Aliagak) torturapean jo zutela erruduntzat Palacios, eta, orain, Atristainen kasua epaitu ondorengo Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia berriaren arabera, deklarazio horiek ez dira kontuan hartu behar.  Erabakia oso ongi baloratzen dugu. Ehunka euskal preso daude, gure senideak direnak, inkomunikazio eta torturapean autoinkulpatuak, konfiantzazko abokaturik ez zituztela izan atxiloaldian

Atxilotuek prozeduraren lehen faseetatik konfiantzazko abokatua izendatzeko aukera izan behar dute esaten du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eta horren arabera guk diogu, Espainiako Auzitegi Gorenak Europako jurisprudentzia berria aplikatu behar duela kasu horietarako guztietarako, eta, horregatik, gure senide preso guzti hoien askatasuna eskatzen dugu. Gainera, Auzitegi Nazionalaren epaian esaten denez, Atristain kasuaren epaiak estandar berri bat ezartzen du inkomunikatutako atxilotze-egoeran defendatzeko eskubideari buruz eta gaineratzen du beharrezkoa dela aplikatzea Espainiako auzitegietan, Konstituzio Auzitegia barne, zeren jurisprudentzia horrek osatzen baitu oinarrizko eskubideen funtsezko edukia.