Mediku kontsulta berezi bat izateko presoaren irteera oztopatu zuen Guardia Zibilak, bertan behera uztea lortuz. Sevillako euskal preso politikoek txapeo bat burutuko dute gaur bere kidearen egoera salatuz.

 

ETXERAT. Ibai Aginagaren senideek Etxerati jakinarazi diotenez, joan den urriaren 19an, asteazkena, hilabete batzuk aurrerago eskatutako mediku bisita bat izateko Sevillako ospitalera eraman behar zuten Aginaga. Espetxetik ateratzeko unean, ordea, trasladoa burutu behar zuen Guardia Zibilak biluzte integrala exijitu zion Aginagari, eta hau ukatu egin zen. Egoerak tentsio handiko uneak sorrarazi zizkion presoari; Guardia Zibil bat presoa erasotzen saiatu zen ere. Geroago, presoak bere borondatez kontsultari uko egiten zion dokumentu bat sinatzeko aurkeztu zioten Aginagari, eta hau sinatzera ukatu zen ere. Izan ere, bera, arauditik kanpo zegoen katxeo batera ukatu zen, baina ez kontsulta medikoa egiteari. Haatik, Guardia Zibilak ez zuen ospitalera eraman.

Ibai Aginagak gaitz kardiakoa pairatzen du, eta horregatik egin zuen eskaera aurreko astean burutu behar zuen kontsulta egiteko. Sevillan diren euskal preso politikoek txapeo bat burutuko dute gaur Aginagak pairatu duen egoera salatzeko. Azpimarratu beharra dago, horrelako trasladoetan Guardia Zibilak ez dituela gisa horretako katxeoak exijitzen, eta gainera, biluzte integralak egin behar diren bermeak ez direla betetzen horrelako kasuetan. Halere, trasladoa ukatu zioten.

Horrez gain, Ibai Aginagak atzo amaitu zuen duela lau egun larriki gaixo diren presoen alde hasitako gose greba: Aginagak konortea galdu zuen bere ziegan. Gose greba amaituta, Aginaga txapeoa burutzen ari da (bere ziegan 24 orduz egon).