ETXERAT. Espainiar estatuak mantentzen duen salbuespenezko espetxe politika suntsitzailearen eraginez Xabier Rey euskal preso politikoa joan zen astean Puerto III espetxean zendu ondoren, gaur Nafarroako Parlamentua sakabanaketaren aurka eta beste espetxe politika baten alde agertu da.

Adierazpen instituzionala onartu du hain justu Nafarroako Parlamentuak. Bi puntu ditu onartutako adierazpenak. Lehen puntuan, Nafarroako Parlamentuak adierazten du ez dagoela ados "egungo espetxe politikarekin", presoak urruntzen dituelako eta isolamenduaren moduko salbuespenezko neurriak ezartzen dituelako. Bigarren puntuak dio "beste espetxe politika bat" behar dela presoek euren zigorra lagunartetik eta familiatik urrun dauden tokietan iragan ez dezaten, eta "familiarekin harremana erraztu asmoz".
 
Bi puntuko adierazpena babestu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. PSNk, lehen puntuan aurka bozkatu badu ere bigarrengoan alde egin du. Eta UPNk eta PPk aurka bozkatu dute.
 
Etxeratek positiboki baloratzen du gaurko ekinbidea, finean, urrunketaren amaieraren bidean beste harri bat gehitu da gaur Nafarroako Parlamentuan.