hernani1.jpeg

ETXERAT. Maiatzaren 3an ETAk Genevan desegingo zela iragarri zuen. Orain arte bake iraunkorraren bidean egindako urrats guztiak garrantzitsuak izan badira ere, urrats hau ezinbestekoa zen. Prozesu luze baten bukaera eta egoera politiko berri baten abiapuntua zen.

Dena den, egoera politiko berri gisa izendatu dena ez da errealitatean, guretzako, nahi eta desio dugun egoera politiko berri hori, euskal gizarteak exijitzen eta iristeko lanean jarraitzen duen agertoki politiko berri hori. Egoera berri honetan bada berrikuntzarik: zenbait gertaera ez errepikatzeko ziurtasuna dago; hala eta guztiz ere, agertoki berberan, bake prozesua geldiarazten duten egoera batzuk indarrean mantentzen dira, 16 heriotza biktima eragin dituena, konponezinak diren kalteak eta gaur egun eragiten jarraitzen direnak, gu guztioi zein espetxean ditugun gure senideoi sufrimendu amaigabe bat eragiten diguna.

Iragan maiatzean sakabanaketa espetxe politika indarrean jarri zutenetik 29 urte bete ziren. Hiru hamarkada hauetan eskubideak urratu eta sufrimendua eragiten duen espetxe politika honek indarrean jarrai zezan adierazpen eta argudio ugari entzun izan dira, baina guk espetxe politika hau indarrean egon dadin inoiz ere arrazoirik ez dela izan ongi asko dakigu. Sakabanaketa ETAren desagerpena lortzeko indar neurri eta txantaia gisa beharrezkoa zela esaten zen: helburu hau lortzeko baliabide guztiak egokiak omen ziren. Behin ETA desagertuz gero, sakabanaketa bertan behera geldituko zela adierazi zuten, eta norbaitek data eta ordua ere zehaztu zituen: ETA desagertu eta handik 48 ordura sakabanaketa indargabetuko lukete.

Salbuespen neurriek eragindako ondorioen pairatzaile zuzenak gara gu, urrunketaren lehen kaltetuak gara eta asteburo gure bizitzak arriskuan jartzen ditugunak ere bagara. Astebururo ehunka haur, nerabe, pertsona adindu edota gaixo, adin eta egoera guztiko pertsonak istripu bat sufritzeko beldurrez irteten dira errepidera, oinaze eta nekeari aurre eginez, batzuen mendeku gosea asetuz horrela. Urrunketa ez da soilik “presoen aferan” kokatua dagoen korapilo bat, euskaldun askori eragiten dien neurria da eta bere ondorioak euskal gizartean bizkar gainean erortzen direnak.

Gaur egun, ETA desegin ondoren, inolaz ere zuritu ezin dena zuritzeko ez dago aitzakiarik. Eskubideak urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikak ezin du minutu bakar bat gehiago ere iraun, sakabanaketaren oinarria mendekua baizik ez baita. Euskal gizarteak egoera hau gainditu nahi du.

Sufritzen duen jende orok bezala, guk ere sufrimendua atzean utzi nahi dugu, aurrerantz egiteko itxaropena behar dugu eta egoera hau bertan behera utzi behar deneko konfiantza behar dugu. Aurrekoetan ere honelakoak adierazi izan ditugu eta orain berriz ere adierazi nahi dugu. Etxeratek indarkeria mota guztiek eragindako sufrimendua aitortu egiten du. Gurean sufrimendua zer den oso ongi dakigu eta horrexegatik beste sufrimendu batzuk ere aitortzeko gauza gara. Euskal Herriko biktima gehienekin gertatzen den bezalaxe, euskal presoen senideok asko sufritu dugun arren guk ez dugu inolako mendekurik nahi. Gertatu dena berriz ere gerta ez dadila nahi dugu.

Egoera politiko berriak gatazkaren indarkeriaren eraginez sortutako ondorio guztiak entzun, sendatu eta konpondu behar dituela uste dugu; eta norabide horretan, euskal preso eta iheslarien afera ardatz nagusia izango da. Baina, bien bitartean, senide eta lagunok hemen gaude, dispertsio politikaren erdigunean. Ezin dugu gure sufrimendua iraganean utzi, iraganean hitz egin, eta, behingoz, oraina eta etorkizunean hitz egiten hasi.

Iraganeko egoera baten baitan diseinatutako eta indarrean dagoen salbuespeneko espetxe politika gainditzeko berebiziko presa dugula adierazi beharra dugu. Ez dugu onurarik nahi. Etxeratek eskubideetaz hitz egiten du eta eskubideak ez daude kontrapartidetara lotuak, ezin dute baldintzatuak izan.

Etxeratek ere Foro Sozialaren premiazko agendak adierazitakoarekin bat egiten du, gure elkarteak ere egitura honetan parte hatzen baitu. Agenda hori erakunde eta eragile politiko eta sozial ezberdinekin partekatzen ari da, presoak gizartean txertatzea lortzeko, hurbiltzea lortzeko, gaitz larri eta sendaezinak dauzkaten presoak askatzeko, presoen gradu aldaketa lortzeko dauden oztopoak ezabatzeko eta zigorren batzea Europako arauen arabera lortzeko. Berriz ere, presoen urruntzea bertan behera utzi behar dela eta gaixorik dauden presoak askatu behar direla adierazi nahi dugu, eta ezberdinen arteko akordioen bidez konponbidearen bidean aurrera egiteko gizarteari deialdia egin nahi diogu.

Indar politikoei, erakundeei eta Gasteizko eta Iruñeako legebiltzarrei bide berri eta zail honetan aurrera egiteko sendotasuna eskatu eta gizarte zibilaren lana babestea exijitzen dugu. Berriro diogu, ez gaude onuretaz hizketan, ez gaude sarietaz hizketan, ez opari ez kontrapartidetaz: eskubideetaz eta horien urraketen ondorio lazgarrietaz hitz egiten dugu; balizko biktima potentzialetaz hitz egiten ari gara. Urrunketa indargabetu behar dela garbi asko adierazten duen euskal gizarteak dispertsio politikak eragindako biktima berri bat onartuko luke?

Etxean eta bizirik nahi ditugu!